Jzioquitarrek jaso dute dagoeneko motxilan zer eraman behar dutenaren zerrenda eta badabiltza beraientzat kuttuna den zera hori nola sartu asmatzen saiatzen. Horrelakoak gara, zer egingo diogu! Ameslariak ere bagara eta ezin diogu aurretik dugunaren inguruan pentsatzeari utzi: 407 km oinez!, Euskal Herriko zazpi probintziak hilabete batean, basoak, mendiak, itsasoa, lautadak, lagun zaharrak eta berriak, giharretako mina, euskara hutsez, gaubelak, parranda, bisitariak… Zerrenda irakurrita, ez da harritzekoa gorputzak emozio bakarra senti ezin izatea. Eta emozio guztiak dira zilegi eta bizitzeko modukoak, ibilbidean ikusi eta ikasten den moduan.

Motxiletan zera berezi hori sartzea lortu ala ez, ekidin ezina zaiguna da ametsez goraino betetzea. Ametsek, gainera, zorroaren pisua arintzen dute. Zenbat eta gehiago amestu, orduan eta aiseago ibili ohi dira jzioquitarrak.

Amestu al duzu nahiko?