SORTU GENUENAK PIZTUTA DARRAI!
Zabalik da EuskarAbentura Espedizioa 2022an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2005 eta 2006 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 4ra arteko epea dauka aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. 2022an, berriz ere, 130 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatuko dute, euskara hutsean. Edizio berrian, besteak beste, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana landuko da, Elkano Fundazioarekin elkarlanean.
Euskarabentura Espedizioa 2022 edizioaren izen-emate epea gaur zabaldu da Albaolako Itsas Kultur Faktorian. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazte euskaldunek 2022ko martxoaren 4ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko, horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere.
Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Gure aisiaren espazioa, gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko; Moda azkarra, arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara, soilik historiatik ikasiz eraikiko dugulako etorkizuna.. Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri nahi ditu elkarteak.
Abenturaz jositako hilabetea
Uztaileko hilabetean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik.
Lehen mundubiraren 500 urteak beteko dira 2022an. Horren harira, hurrengo espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa izango da, gure bizimoduan duen eragina, Euskal Herriak horrekin daukan harremana, izango da, eta horrek historian zehar izan duen bilakaera aztertzera gonbidatuko ditugu gazteak. Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta errelato historikoez hausnartzeko aukera izango dute eta etorkizuna iraganetik ikasitakoarekin irudikatzeko ere. Horretarako, EuskarAbentura Elkartea Elkano Fundazioarekin elkarlanean arituko da, gazteen izen-emate proiektuaren hirugarren gaia diseinatuz eta baita espedizioan landuko diren hainbat ekintza antolatzeko ere. “Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu. Gogoeta ahalegin hauetan gazteen ahotsa entzun nahi dugu eta EuskarAbenturak landutakoa eta lantzeko moduak, baldintza egokiak sustatzen ditu hausnarketarako.” azaldu du Elkano Fundazioaren zuzendari den Ion Irurzunek.
Euskara bidelagun
Espedizioaren helburu nagusia euskara gazteen bizitzaren erdigunera eramatea eta, horrekin batera, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea da, gaur egun euskarak indartzeko behar dituen arloak lantzea, alegia. Proiektuaren babesleen artean dagoen Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari den Xabier Arauzok esan duenez “”Belaunaldien arteko transmisioa bermatzea garrantzitsua da, gazteak hizkuntzaren biziberritzea sendotzeko prozesuan giltzarri izateaz aparte, balioa emoten jakelako geure herriko ohiturei, kulturari, ondareari eta historiari. Ezagutza partekatzeko abentura da Euskarabentura eta, ganera, erakusten deusku ez gareala kanpora inora joan behar altxorrez eta txoko ederrez gozatzeko, geurean kanpoan besteko leku, abentura eta esperientzia interesgarriz gozatzeko aukera dago.”.
Joan den edizioan, hain justu, elkarte antolatzaileak “gazte euskaldunen kasuan hizkuntza-mudantza fenomenoaren atzean dauden faktore nagusiak zeintzuk diren ulertzeko” ikerketa bat jarri zuen martxan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finantziatua eta Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean. Lau urteko ikerketa izango da eta oraindik badute lana. Lehenengo urteko ikerketaren emaitzak 2022ko udaberria aldera argitaratzea da elkartearen asmoa, baina horren inguruko lehenengo gogoeta batzuk partekatu ditu Irati Labaien, EuskarAbenturako elkartekideak: “Espedizioak mudantzak gerta daitezen ezinbestekoak diren gune linguistikoki zainduak bermatu ditu. Gune hauetan, linguistikoki esperimentatzeko eduki zein dinamikak, hiztun idealaren irudiarekin bat ez datozen eta partaideak gidatzen dituzten bidelagunak edota gazteentzat hain garrantzitsua den talde-pertenentzia bermatu dira. Baldintza horiei esker, gazteak zaurgarri agertzeko eta esperimentatzeko baimena errazago hartu dute eta honek maila eta forma ezberdinetako euskararen aldeko hizkuntza-mudantzak egitera animatu ditu.”. Labaienek pozez azaldu du ahaleginek fruituak eman dituztela, izan ere, parte-hartzaileen %85ak adierazi du espedizioan zehar euskara maila hobetu duela sentitzen duela.
Ekaitzaren ostean dator barealdia
Osasun krisiak eraginda, 2019ko uztailetik EuskarAbenturak ez du espedizio formatua izan, osasun egoeraren beharretara moldatu behar izan duelako azken bi urteotan. 2022ko uztailean berriro ere ikusi ahal izango ditugu 130 gazte Mauletik Getxora Euskal Herria oinez zeharkatzen, betiere momentuan indarrean dauden neurriek ahalbidetzen badute.
Espediziorik gabeko bi edizioren ostean, 2022ko uztaila positibotasunez antolatzen hasi dira EuskarAbentura elkartetik. Osasun larrialdia hasi zenetik aisialdiak aurretik dituen erronken aurrean indartsu sentitzen dira, eta horren isla da Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunea Federazioa. Erakunde berri horren sorrera Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da . Helburua tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzea da. Gaur egun 14 elkartek osatzen dute, baina lanean ari dira beste hainbatekin batera elkarlana sortzeko.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu