EuskarAbentura 2.0 Edizio mugatua
Zabalik da EuskarAbentura 2.0 erronka lehiaketarako izen-ematea. Uztailaren 6tik aurrera 2001-2005 urteetan jaiotako gazteek 2-5 lagun
eko taldetan hartu ahalko dute parte. Asteroko eta hilabete osoko sariak egongo dira eta parte-hartzaile guztien artean 2021eko espediziorako bi plaza zozketatuko dira.
Gazteentzako kultur eta aisialdi eskaintza asko murriztu den uda honetan, EuskarAbentura Elkartea “EuskarAbentura 2.0” proposamenarekin dator, sortutako hutsuneari aurre egiteko asmoz. EuskarAbentura 2020an parte hartzeko izen-eman zuten gazteak espediziorik gabe geratu dira aurten, ez ordea uda lagunartean, etxetik kanpo eta euskaraz gozatzeko aukerarik gabe.
EuskarAbentura 2.0, instagram bitartez egingo den lehiake
ta bat izango da, 2001-2005 urteetan jaiotako gazteei zuzendua, euskal herriko zein diasporakoak. Parte hartzeko, gazteek 2-5 laguneko kuadrillatxoak osatu beharko dituzte eta taldea jolasean inskribatu EuskarAbenturaren instagram kontuko biografian dagoen galdetegiaren bitartez. Uztaila osoan zehar, astelehen, astearte eta asteazkenetan askotariko erronkak proposatuko dira, gazteek taldean eta etxetik kanpo burutu beharko dituztenak eta osteguneko gauerdia baino lehen bidali.
Sari mamitsuak
Astero talde saritu bat egongo da, eta sari potoloenak hilabete amaieran puntu gehien lortu dituzten hiru taldeek jasoko dituzte. Horrez gain, erronka guztiak betetzen dituzten taldeetako partaideen artean EuskarAbentura Espedizioa 2021erako 2 plaza zozkatuko dituzte: bata adin txikikoentzat parte-hartzaile moduan, eta bestea adin nagusikoentzat, begirale-laguntzaile moduan. Izen-ematea ekainaren 29an zabalduko da eta lehenengo erronka uztailaren 6an argitaratuko da. Hilabeteko sarien eta zozketaren ir
abazleak uztailaren 31n argitaratuko dira.
Dinamika honen barruan, hilabete osoko iraupena izango duen erronka kolektibo bat jarriko da martxan. Erronka honek, Euskal Herria eta diaspora sinbolikoki lotu nahi ditu, hain zuzen ere Maule eta EuskarAbenturan parte hartu duten diasporako gazteen herriak: Washington (AEB), Estokolmo (Suedia) eta Viedma (Argentina). Elkarteak gazteak hilabetean zehar ibilaldiak egitera animatzen ditu, horiek Relive aplikazioan grabatu eta instagram bitartez bidaltzera. Partaideetako bakoitzak egindako kilometroak gehituz, Mauletik diasporako gazteengana dagoen distantzia betetzea da erronka.
Oztopoen aurrean ere abenturak piztuta darrai!
Egitasmoak gazteak etxetik irten eta lagunekin ekintza ezberdinak egitera animatzea du helburu, baita, euskararen erabilera gazteen artean sustatzea ere, noski. Elkarteak orain arte egin duen ibilbidean emaitzak espero baino positiboagoak izan dira eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, urrunetik bada ere. Izan ere, 2019ko edizioaren erabilera neurketaren arabera espedizioan zehar hitz egin zenaren %83a euskaraz egin zen. Azken edizio honetatako hizkuntza arloko ondorio eta informazio gehiago datozen egunetan argitaratuko dituzte.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu