EuskarAbentura 2018 espedizioaren balorazioa oso ona izan da eta babesle sarea handitzen doa. Horiek horrela, EuskarAbenturak bigarren edizioa izango du 2019ko uztailean. 2002 eta 2003 urteen artean jaiotako gazteei zuzendua, interesdunek parte hartzeko lana eta motibazio gutuna bidali beharko dute martxoaren 10a baino lehen.

EuskarAbentura elkarteak 2019ko espedizioa aurkeztu du, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, lehen espedizioko partaideen topaketaren aitzakian. 2019an 16-17 urte bitarteko 120 gaztek osatuko dute espedizio taldea. Abenturan parte hartu nahi dutenek motibazio gutuna eta banakako lan bat aurkeztu beharko dute. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzaren eta .eus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuko dira eta lan onenen egileek espediziora joateko “beka” lortuko dute.
Lanak egiteko hautagaiek hiru lan-gairen artean aukeratu beharko dute: “Maite ditut maite gure bazterrak”, “Joan-etorriak: migrazioen testigantzak” edo “Errimak eta erritmoak”. Lanak sei formatutan aurkeztu ahalko dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta, aurten estreinakoz, sormen digitalekoak. Matrikulazio epea martxoaren 10era arte egongo da zabalik (10a barne); izen-ematea www.euskarabentura.eus webgunearen bitartez egin beharko da. Espedizioan parte hartuko duten jzioquitarren behin-behineko zerrenda webgunean argitaratuko da apirilaren 15ean. Matrikulazio kanpainaren baitan, elkarteak hainbat aurkezpen egingo ditu datozen asteetan eskola eta bestelako espazio gazteetan, egitasmoa gazteei helarazteko.
EuskarAbenturaren babesle sarea gero eta handiagoa da. Besteak beste, Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoaren aldeko apustu sendoa egin dute, baita 2DEO laborategiak ere. Horrez gain, lehenengo edizioan ere babesa emandako BBK, Euskadi/Akitania-Berria/Nafarroa Euroeskualdea, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko, Getxoko, Donostiako eta Bilboko Udalak, Eusko Ikaskuntza, Euskaltel, Kaiku, Geu elkartea eta .eus Fundazioa batu zaizkie. Egitasmoaren bidaideen zerrenda luzatzen doa eta abenduaren 19an Bilboko BBK Aretoan aurkeztuko da behin betiko kartela.
EuskarAbenturaren lehen hazia 2015eko udan landatu zen, txoko desberdinetako hainbat gaztek Boiseko Jaialdian bat egin ostean, Idahon. Elkartea lau helburu nagusiren bueltan jaio zen: gazteen artean euskararen erabileran eragitea, mundu mailako gazte euskaldunen sarea sortzea, gure herriaren ezagutzan sakontzea (maila material zein ez-materialean) eta balore positiboak lantzea. “Hasierako ideiari forma ematen hasi, bidelagun berriak gehitu, babesle sare zabala bilatu, gazte kuadrilla paregabea xaxatu, lan-talde zoragarria fitxatu, lan eskerga egin eta…voilá!! 2018ko uztailean espedizioa abiatu zen, ondo abiatu ere. Hain ondo, 2019an errepikatuko dugula” aitortu du Ane Pedruzo elkartekideak.

Elkartea oso pozik dago lortutako emaitzekin, espero zituztenak baino hobeak. Elkarteko kide den Imanol Zabaletaren hitzetan “pozgarriena, gazteek bizi izan duten bizipenaren balorazio positiboa ezagutzea izan da. Jzioquitarren (espedizioko gazteen) gehiengo handiak errepikatuko lukeela adierazi digu”. Lehen edizioko hainbat gaztek hitza hartu dute euren bizipenak partekatzeko. Haroko Ibon Barrasa honela mintzatu da: “Euskara egunerokotasunean erabili ahal izateko animatu nintzen abenturara. Zeharo markatu ninduen eta handik itzultzean euskaraz aritzea lortu nuen familia eta lagun euskaldunekin. Buruz bueltatuko nintzateke baina ezin da errepikatu. Beraz aukera duzuenek, aukera aprobetxatu mesedez”. Gasteizko Irune Calvok nabarmendu du esperientziak “euskara beste modu batean ikusteko aukera” eman diola, “bueltan euskara-kontuetara animatzen hasi naiz, “Gazte Sortegiak” sormen eskolara eta eskolako euskara batzordera, esaterako”.