Ez dakigu alperkeria, lotsak, zalantzak, ala beldurrak izango ote diren baina… kontua da Behe Nafarroatik, Zuberoatik eta diasporatik nahi baino izen-emate gutxiago iritsi zaizkigula. Jasotako 260 lanen artean bakan batzuk besterik ez dira hangoak.

Baina plaza edo leku horiek zuentzat beste inorentzat ez dira izango, beraz… utzi dena delakoak alde batera eta batu abenturara!

  • Behen Nafarroako, Zuberoako edota zortzigarren euskal probintziako gazte abenturazalea bazara (2002-2003an jaiotakoa)…;
  • Euskal Herriaz, euskal historiaz eta gure kultur hondareaz dakizuna baino gehiago edo beste zerbait ikasi nahi baduzu…
  • Hilabetez egunari motxila bizkar gainean hartuta eta zangoak martxan jarrita ekin nahi badiozu…
  • Jende berria, ezberdina ezagutu nahi baduzu…
  • Betirako oroitzapen xamurren kaxan gordeko duzun talde-esperientzia zirraragarria bizi nahi baduzu..

Zabaldu agenda eta markatu uztaila fosforitoz: EuskarAbentura 2019 espedizioa.

ZER EGIN PARTE HARTZEKO?
Lan bat eta motibazio gutun bat bidali behar dizkiguzu.

Lana egiteko, 3 gairen artean 1 aukeratu beharko duzu:
– Maite ditut maite gure bazterrak: Euskal Herria eta aztarna ekologikoa.
– Joen-etorriak: migrazio mugimenduak.
– Errimak eta erritmoak: musika, kantak, dantzak, olerkiak, antzezpenak.

Lan horren formatua askotarikoa izan daiteke:
Historikoa, Literarioa, Ikus-Entzunezkoa, Musikala, Plastikoa edota Sormen Digitala.

LANA nahiz MOTIBAZIO GUTUNA ondorengo taula beteta bidal diezagukezu:  http://euskarabentura.eus/parte-hartu/ , esan bezala, martxoaren 24a baino lehen.