Eibarko …eta kitto! euskara elkarteak antolatutako Euskararen Transmisioren inguruko IX. Mintegian izan gara. EuskarAbentura egitasmoa bera, helburuak eta baloreak aurkeztu ditugu baina, batez ere, ekimen honek euskararen inguruko kontzientziazioa eta gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko izan duen gaitasunaz aritu gara.

Izan ere, EuskarAbentura esperimentu soziolinguistikoa da neurri handi batean. Jzioquitarrek (16 eta 17 urteko espediziokideak) eta familia urdinak (abenturan parte hartzen duten gainerako pertsonak: xerpa edo begiraleak, sendagile eta erizainak, komunikazio-taldea etab….) lagin baikaina osatzen dute halako esperientzia kolektibo batek ohitura linguistikoetan izan dezakeen eragina neurtzeko eta baloratzeko.

Horregatik, 2018ko espedizioan parte hartu zuen familia osoari galdeketa bat luzatu genion EuskarAbentura hasi aurretik, eta galdeketa berbera abentura amaitu ondoren. Besteak beste, euskaraz zuten pertzeptzioaz galdegin genien, euskaraz aritzeko erraztasun mailaz, motibazioaz, ohiturez… etab. Berriki, gainera, jazioquitarrei beste galdera-sorta bat helarazi diegu, jarraipena egiteko.

Jasotako datuetatik hiru ondorio garrantzitsu atera ditugu:

LEHENIK ETA BEHIN, garrantzitsuena: EuskarAbenturak jzioquitarren %69,1en hizkuntza-ohiturak aldatu zituela eta orain gehiago egiten dutela euskaraz.

BIGARRENA: jzioquitarrek gure hizkuntzarekiko duten motibazioak eta euskaraz aritzeko duten erraztasunak ere gora egin duela, bereziki nabarmen arabarren artean.

Eta HIRUGARRENIK: gainerako jzioquitarrekin euskaraz aritzeko ohitura ezarri badute ere, bestelako inguruetan ere eragiteko gaitasuna izan dutela: familiartean, lagunartean etab.

Luze eta zabal aritzeko moduko datu mordoa dugu. Baina hiru titular horien bultzadaz ilusioz beterik gabiltza EuskarAbentura 2019 espedizioa prestatzen!