Zubiriko zubia zeharkatu dugu!
Ekaitza eta euritza izan ditugu goizean goiz Auritzen. Horregatik, aurreikusitakoa baino ordubete geroago abiatu da espedizioa Zuribirantz: 10:00ak aldera. Sirekin, gorputz osoko euritakoekin eta motxilentzako estalkiekin ongi babestuta atera dira jzioquitarrak herritik; fresko antzean, ia 1000 metroko altueran baitago Auritz.
20 bat kilometroko etapa izan da, gorabeheratsua eta pago-, arte- nahiz pinu-baso artekoa neurri handi batean. Hodeiak lausotu ahala, eguzkiak erruz izerdiarazi ditu gazteak, batez ere Erro mendatean gora. Konpostelarantz doazen makina bat erromes zebiltzan bidean eta, beraz, Donejakue fenomenoak inguru horretako herrietan duen inpaktuaren lekuko izan dira jzioquitarrak.
Beheranzko kilometro atsegin zenbait osatuta amaitu dute etapa. Arga ibaiaren gainean XI. mendean eraikitako Errabiaren Zubia izeneko zubi gotikoa zeharkatuta heldu dira Zubiri herrira.
Argazkiak: Andrea Martinez
Facebooken partekatu Twitterren partekatu