EuskarAbentura 2019: Auritz – Zubiri
Goizeko 7:00etan jo du iratzargailuak uztailaren 6an ere, musika-doinuek altxarazi dituzte EuskarAbentura 2019 espedizioko jzioquitarrak 6. etapari ekiteko. Zubiriko frontoi kanpoaldean gosaldu, dena ongi-ongi jaso, garbitu, eta 8:00ak aldera abiatu dira trikuak (talde motelena); 15 bat minutura katagorriak; eta beste 15 minutura erbiak (bizkorrenak). Horrelaxe lortzen baitute 121 laguneko taldea trinkotuta iristea helmugara.
19 kilometroko etapa izan da, batez ere beheranzkoa, nahiz eta eguzki gogorrak erruz izerdiarazi dituen gazteak. Pagadietan barrena egindako tarteak bereziki eskertu dituzte beraz, baita Lintzoainen egindako geldialdia ere. Hantxe zain zituzten Nahikari gidaria eta EuskarAbentura furgoneta laguntzailea, ur freskoz eta fruituz kargatuta.
Maldan gora irten dira Lintzoaindik, baina tarte laburra izan da, eta Zubiriraino heltzeko gainontzeko zazpi kilometroak arinagoak izan dira. Konpostelarantz doazen erromesez betetako bazterrak dira hauek, eta gehienek harridura aurpegiz ikusten dute pasatzen laranja eta urdin koloreko talde handi eta alaia.
Arga ibaiaren gainean XI. mendean eraikitako Errabiaren Zubia izeneko zubi gotikoa zeharkatuta heldu dira Zubiri herrira: gaurko etapa amaiera eta lotarako lekua! Frontoirik frontoi dabil espedizioa eta, Zubirin ere, herriko frontoia hartu dute kanpalekutzat. Arratsaldean orientazioa tailerra egin dute xerpen gidaritzapean; mendian bidea ez galtzeko eta, galduz gero, euren burua kokatzen jakiteko aholkuak jaso dituzte: nola interpretatu eguzkiaren posizioa, nola irakurri izarrak, zuhaitzen inklinazioa, goroldioa… eta baita sestra-kurbak eta mapak ere. Entzundakoak praktikara eramateko, erronka modura, Zubiriko herri-mapa baten gainean markatutako puntuen bila ibili dira bertako karriketan.
Egilea: Mirian Alonso