Euskarabentura 2019: Zubiri –> Iruña
Uztailak 7, San Fermin egunez, Iruñara iritsi da EuskarAbentura espedizioa!
Egun borobila izan da. Taldea 8:30ak aldera abiatu da Zubiritik, ohi baino jendetsuago. Izan ere, gaurkoa zen hilabete honetarako aurreikusitako lehendabiziko Belaunaldi Arteko Eguna: 2018ko jzioquitar ‘beteranoek’ aurtengo jzioquitar berriekin etapa oso bat partekatzeko aukera izan dute.
22 kilometro egin dituzte guztira, gehientsuenak itzalean; eskertzekoa!
Zabaldika atseden-gunean hamaiketakoa eginda, gazteek azken 8 kilometroei ekin diete Iruñara heldu aurretik. Sekulako ilusioz egin dute aurrera Nafarroako hiriburuko karriketan barrena; kantuan, dantzan. Segurtasun-neurri guztiak hartuta sartu dira hirigunean eta Nafarroa Oinez gunera joan dira, bazkaltzera. Arratsaldean, leku berean, sekulako gozatua hartu dute Goizargi erromeriarekin.
Hurrengo geltokia: Gares!
Egilea: Mirian Alonso