Zuberoa eta Behe Nafarroako hiru etapak gaindituta, EuskarAbentura gaur sartuko da Nafarroa Garaian, 46 kilometro bizkarrean. Jzioquitarrak autobusez helduko dira Auritzera, ostean Orreagako kolegiata bisitatzeko Asisko Urmenetaren eskutik. Bihar bideari berrekingo diote Zubiri helmuga. Igandean, uztailak 7, sanferminak gertu-gertuik biziko dituzte Iruñan.
Hilaren hasieran heldu ziren espedizioko kideak Mauleko Jai Alaira. Espedizioaren oinarriak azalduta, herria bisitatu eta Mitxel Etxebest auzapezak harrera egin zion espedizioari. Zuberoa eta Behe Nafarroa arteko mugan igaro zuten bigarren gaua, Pagola herrian. Bertan jzioquitarren hamar taldeek espedizioan zehar garatuko duten erronken aukeraketa egin zuten: batzuek EuskarAbenturaren kanta egingo dute, beste batzuek koreografia, espedizioaren soinuak jasoko ditu hirugarren talde batek, zaborraren eta kontsumitutako energiaren neurketa egingo dute beste bi taldek…
Uztailaren 2ak Maule –> Pagola bidean utzitako irudi ederrenak HEMEN
Gaua dantzan bukatu ostean, Jutsira abiatu ziren hilaren 3an. Ipar Euskal Herri barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat lagunekin kalakan aritzeko aukera izan zuten gazteek han, tartean, Joana Hoki (Azia Elkarteko kidea), Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna sindikatuko partaidea), Joana Duhalde (Kanaldude Telebistako langilea), Jean Claude Aguerre (Pagolako pastoraleko kidea), Gexine Tikoipe (Gazi Gose katering enpresaren sortzailea) eta Leire Bidart (Lakarrako Ttinka haurtzaindegiko zuzendaria, Behe Nafarroako aurreneko haurtzaindegi euskalduna).
Uztailaren 3ak Pagola –> Jutsi bidean utzitako irudi ederrenak HEMEN
Atzokoa, Donibane Garazira artekoa, izan zen Ipar Euskal Herriko azken etapa, orain arteko luzeena, 25 kilometrokoa, eta eguzki indartsua bidaide zutela osatu zuten. Bertan, Xan Aire Seaskako hizkuntza politika arduradunaren eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian ibili ziren karriketan gora eta behera. Bizilagunekin, dendariekin eta bisitariekin hitz egiteko gonbidapena luzatu zien Airek, eta lehen hitza euskaraz egitera animatu zituen, jendearen erantzunetatik abiatuta hausnarketa egiteko: zer nolako giroa arnasten du euskarak Garazin? “Ikurriña, lauburu eta folklore-ikur asko ikusi arren, bertako errealitate soziolinguistikoa den bezalakoa ikusi eta bizi zezaten nahi nuen. Egoera ez da xamurra, baina ez da fatalitaterik. Posible da gazteen eskuhartzetik eta gazteentzat euskarazko etorkizun bat amestea. Eta txalotu ditut, 10 minutuz bada ere dagokion espazioa itzuli diotelako euskarari Donibane Garaziko karrika turistikoenean”.
Uztailaren 4ak Jutsi –> Garazi bidean utzitako irudi ederrenak HEMEN
UZTAILAK 5: DONIBANE GARAZI –> AURITZ
Gaurkoan, Ibañetako portuan gora eta behera, Auritzera helduko da espedizioa. Orreagako kolegiata bisitatuko dute, bigarren urtez EuskarAbenturan parte hartzeko zalantzarik izan ez duen Asisko Urmeneta ilustrazailearekin batera. Sorginaritzagako basoan barrena oinez bueltatuko dira Auritzera ibaiko zaborra jasotzeko auzolana egiteko. Zaborraren kudeaketa gai garrantzitsua baita espedizioan eta egunero sortutako zaborrraren neurketa egiten ari da taldea. Momentuz, 121kg hondakin organiko, 26kg ontzi, 30kg paper eta kartoi, eta 10kg errefusa sortu dituzte; 187kg orotara, beraz.
Aurrerantzeko planei dagokienez, ondorengoak dira hurrengo egunetarako aurreikusitako hitzordu garrantzitsuenak:
– Orientazio tailerra: eguzkia, haizea, bidea… irakurtzen ikasteko. Uztailak 6, Zubiri.
– Zubiri–Iruñea Belaunaldi Arteko Eguna. Zumba saioa Gora Iruña peñako lagunekin eta erromeria Nafarroa Oinezeko kideekin batera. Uztailak 7, Iruña.
– Nafarroa Garaiko errealitate soziolinguistikoaren inguruko hitzaldia Koldo Colomo Garesko euskara teknikariaren eskutik. Uztailak 8, Gares.
– Zurrumurruen kontrako estrategia arrazakeriari aurre egiteko. Uztailak 10, Viana.
Bide batez, gogoratu EUSKARABENTURA app-ak espedizioa gertutik jarraitzeko aukera eskaintzen duela: geolokalizazioa, etapa bakoitzaren inguruko informazio teknikoa, parte-hartzaileei buruzko bitxikeriak, argazkiak eta bideoak.
Deskargatu EUSKARABENTURA APPa hemen
Facebooken partekatu Twitterren partekatu