Xabier Harlouchet: “Aldaketa klimatikoaren ondorioak gaur nerabe direnek pairatuko dituzte epe ertain-laburrera”
Bizi! 2009 urtean sortu zen mugimendu altermundista da. Larrialdi klimatikoaren eta ekologiaren arloan dihardute borrokan, justizia sozialaren alde eta honen ildotik. Ipar Euskal Herrian sortu eta eremu honetan errotu da hamar urtez, nahiz eta nazioarteko mugimendu zabalago baten baitan kokatzen dute euren burua. Gaur egun 600dik gora kidek osatzen dute. Hain justu, heldu den asteburu honetan ospatuko dute hamargarren urteurrena. Uztailaren 21ean EuskarAbentura 2019 espediziora batuko dira.
Xabier Harlouchet (Baiona, 1973) Bizi!-ren baitako Euskaraz Bizi taldeko kidea da: “Mugimenduko kide gehienak euskal hiztunak izan ez arren, euskararen aldeko apustua egiten dugu bioaniztasuna defendatzen dugun neurri berean aldarrikatzen dugulako kultura aniztasuna ere. Horregatik, gure komunikazioa elebiduna izaten da beti”.
Bortizkeria ez aktiboa, tokikoaren eta mundu mailakoaren arteko zubigintza, umorea eta irudimena darabiltzate Bizi!-ko kideek euren alternatiba eta proposamen zehatzak gizarteratzeko. “Gaur egun gure planetak eta gizadiak aitzinean dituzten erronka handien adinako ekintza eta mobilizazioak garatzen ditugu, estrategia klandestino eta indarkeria oro argiki baztertuz”, dio Harlouchetek. “Ez dugu, nehondik ere, alderdi politiko baten eta, are gutxiago, botere publikoen menpe egon nahi”.
Hain justu, “espiritu erradikal-pragmatiko” hori EuskarAbentura 2019 espedizioko kideekin partekatuko dute uztailaren 21ean Baionan. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu 16 eta 17 urte bitarteko gazteekin sentsibilizazio saio hau egitea. Izan ere, aldaketa klimatikoak gure bizi-baldintza zibilizatuak zalantzan jarriko ditu epe ertain-laburrera, ez mende amaieran, eta hortaz, nerabe hauek izango dira ondorio larri horiek zuzenean pairatuko dituztenak”.
Ipar Euskal Herriko mugimendua guztiz engaiatuta dabil mundu mailako ikasle eta gazteek aldaketa klimatikoaren aurka deitutako grebetan, eta euren eragin eremuko gazteak aktibatzeko makina bat material ere garatu dute: “Joko parte-hartzaileak, ikus-entzunezkoak, irudiak, ikusgarriak… eta halakoak baliatuko ditugu uztailaren 21ean Baionan EuskarAbenturako gazteekin partekatuko ditugun bi orduetan”.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu