Abenduaren 1ean zabalduko da EuskarAbentura Espedizioa 2023an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2006 eta 2007 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 3ra arteko epea dauka aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. Abenduaren 9an Durangon ospatuko den Gazt eztanDA! egunean espediziorako plaza bat zozketatuko da.

Datorren urteko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura Espedizioa 2023ren baitan. Espedizioaren 4. ediziorako izen-emate epea 2022ko abenduaren 1ean zabalduko da eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) izango dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, azken hau elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.

Aurten hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran:

  • Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
  • Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
  • Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?

Era berean, gai hauek garatzeko gazteek sei lan formatu dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikus-entzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. Hautagaitzak elkartearen webgunetik egingo dira (www.euskarabentura.eus).

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko da kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.

 

Motorrak berotzen

Abenduaren 7 eta 9an EuskarAbenturako kideak Durangoko Azokako Landako Gunean izango dira proiektuaren inguruko informazioa zabaltzen. Gainera, Gazte eztanDA! egunaren baitan antolatu den DA!Gynkana-n parte hartzen duten gazteek (2006 edo 2007an sortutakoak) 2023ko espedizioan parte hartzeko plaza baten zozketan sartuko dira. Gynkanan parte-hartzeko aldez aurretik izen-ematea ezinbestekoa izango da, Durangoko Azokaren webgunean.

Hasiera beroa emango zaio 2023ko edizioari eta izen-emate epearen irekierarekin batera elkarteko kideak hasi dira dagoeneko Euskal Herri osoko ikastetxeetara hurbiltzen eta gazteei 2023ko espedizioari buruzko informazioa helarazten. Elkartekideek haiekin harremanetan jartzeko deia luzatzen diete Euskal Herriko hezkuntza zentro eta gazteei.