BERRIZ JZIOQUITZEKO ASMOZ ETA ILUSIOZ – EUSKARABENTURA 2021!

Osasun egoerak bermatuz gero, EuskarAbentura espedizioa bueltan egongo da 2021eko udan. Abenturan parte hartu nahi duten 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteek martxoaren 12ra arteko epea izango dute proiektua eta aurkezpen-bideoa bidaltzeko. Oraingo hautaketa prozesuan, egin ez den 2020ko espediziorako aurkeztutako hautagaitzak ere hartuko dira kontuan.


EuskarAbentura elkarteak 2021eko espediziorako izen-emate epea zabaldu du gaur, abenduak 18, Donostiako San Telmo museoan. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteek izango dute abenturan parte hartzeko aukera, alegia, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. Hautagaitza aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute, elkarteak proposatutako formatu eta gaien artean aukeratuz (euskarabentura.eus-en ikusgai). Horretarako martxoaren 12ra arteko epea izango dute. Jasotako lan guztiak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus fundazioarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta 120 lan onenen egileek espedizioan parte hartzeko aukera izango dute, inolako tasarik ordaindu gabe.
Proiektuaren lanketarekin gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditu elkarteak. Horiek horrela, aukeran izango dituzten gaiak honakoak izango dira: Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruko hausnarketa bideratzeko; Klik eta post, gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaren inguruan gogoetatzeko eta Adina, jakintzaren iturri, edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzea inoiz baino garrantzitsua delako.

Uda ibiltari baten irrikaz
Osasun krisiak eraginda, sektore bereko beste askok bezalaxe, EuskarAbentura elkarteko kideek espedizioa bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan zuten, parte-hartzeko izena eman zuten 316 gazteen penarako. Neska-mutil hauek egindako lana eta hasieratik erakutsitako “jarrera aktiboa” baloratu nahian, 2020ko ediziorako jasotako hautagaitza guztiak kontuan hartuko dira 2021eko espediziorako hautaketa prozesuan, 2003an jaiotako gazteenak barne. Edonola ere, gazte hauek aukera izango dute aurkeztu zuten lanaren notari uko egin eta proiektu berri bat aurkezteko. Espediziorik gabe ere, EuskarAbenturak asmatu izan du 2020ko uda berezian gazteen egunerokotasuna alaitzen EuskarAbentura 2.0 edizio berezia izeneko alternatibaren bitartez. “Instagrametik erronka desberdinak proposatu genituen eta 60 gazte baino gehiago animatu ziren parte hartzera”, azaldu du Ane Pedruzo elkartekideak.
Hurrengo udara begira, EuskarAbenturak normaltasunetik gertuago dagoen esperientzia bat bizitzeko aukera eskaini nahi dio euskal gazteriari. Halere, Pedruzoak adierazi duenez, “ezin dugu %100ean ziurtatu ohiko ibilbidea jarraituko duen 120 gaztez osatutako hilabete osoko espedizioa antolatu ahalko dugunik”. Izan ere, 2021eko espedizioa unean-uneko osasun egoeraren eta indarrean dauden arauen arabera antolatuko da. Uda hurbildu ahala egitasmoari buruzko informazio eguneratua argitaratuko da. “Momentuz alternatiba ezberdinak aurreikusi ditugu: espedizioaren mugikortasuna murriztea, gazte kopurua edota jardueraren iraupena murriztea, adibidez, jende gutxiagoko ekintza laburragoak eginez… Gure azken helburua espedizioa egitea izango da; hori ezinezkoa balitz, haren esentzia mantenduko duen esperientzia ahaztezin bat burutzen saiatuko gara”, gaineratu du Pedruzok.

Aurreko edizioetan parte hartu zuten Haimar Martin eta Anne Rodriguezek argi utzi dute espedizioan bizitakoak aztarna utzi diela. “Bizitza osoa pasa dut erdaldun giroan, ez nituen ezta euskal kantak entzuten ere… EuskarAbenturak lagundu zidan burbuila hortatik ateratzen” partekatu du Rodriguezek, 2019ko espedizioko partaide izandakoak. Martinek espedizioa bitan egiteko zortea izan du: jzioquitar moduan bizi izan zuen lehenengo edizioa eta begirale-laguntzaile moduan bigarrena. Kontatu duenez, EuskarAbenturak lagundu dio konturatzen “euskarak zein eragina duen norberarengan eta beste lurraldeetan bizi direnengan, bakoitzak etxean nola bizi duen…”. “Txikitasun horietan laguntzea oso pozgarria da”, gaineratu du. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Kike Amonarrizek horrelako esperientzien garrantzia azpimarratu nahi izan du, “Ni, Anne bezala, inguru erdaldunekoa nintzen eta Abaigarko Euskal Udalekuetan bizi izan nituenak bultzatuta murgildu nintzen euskal munduan”. Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza berdintasunerako zuzendariak, gaineratu duenez, abentura honek urrutira joan gabe “etxetik mundu bat deskubritzeko aukera” eskaintzen du.

Euskara erdigunean
EuskarAbentura elkartea, besteak beste, gazteen euskararen erabileran eragiteko asmoz sortu zen, Pedruzoren esanetan “euskal hiztun gazteak aktibatzeko, ahobizitzeko“. Orain arte jorratutako euskara ohiturak trinkotzeko estrategiaren lanketan Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburordetza (HPS), Soziolinguistika Klusterra, EBETE eta GEU elkartea izan ditu bidelagun. Aurten gainera HPSren laguntza erantsia jaso du darabilen estrategiaren eraginkortasunaren neurketa zehatz eta landuagoa egin ahal izateko”. Josune Zabalak, Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, azpimarratu nahi izan du EuskarAbenturak proiektu modura erantzuten diola euskarari, baita “bere biziberritze prozesu etenezin honetan estuki lotzen zaion unibertso zabal bati ere: aisialdia, kultura, ingurunearen ezagutza eta harremanak”.


Aipatu erakunde eta eragileez gain, EuskarAbentura egitasmoak aurrera egin badu, jaio zenetik, eta egungo egoera zailean ere, bere alboan fidel eta sendo jarraitzen duten babesle eta laguntzaileei esker izan da. Begoña de Ibarra Bizkaiko Kultura zuzendari nagusiaren esanetan “EuskarAbentura bezalako proiektuak ezinbestekoak dira euskara aisialdian sustatzeko”. Aipatutakoez gain, gaurkoan hurrengo ordezkariak ere izan dira: Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari den Paula Kasares eta Gorka Goiatxe eta Edurne Otamendi, Donostiako Gazteria eta Euskara saileko arduradunak hurrenez hurren.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude