EuskarAbentura 2019 Lapurdin barrena ibiliko da datozen hiru egunetan

  • Gaurkoan (uztailak 20), Irun eta Donibane Lohitzune arteko 17 kilometroak osatuko dituzte. Bidean Abbadia jauregia bisitatuko dute eta, arratsaldez, soziolinguistika tailerra egingo dute Eneko Gorrirekin batera.
  • Miarritze eta Baionan ere egingo dute geldialdia Gipuzkoa kostalderantz mugitu aurretik.

Aizkorri-Aratz Parke Naturala zeharkatuz murgildu zen EuskarAbentura2019 espedizioa Gipuzkoan; uztailaren 15ean izan zen, Araia eta Zerain bitarteko mendi-etapako 21 kilometro gogoangarriek Araba eta Gipuzkoa arteko muga naturala gainditzera eraman zituzten espedizioko kideak. San Adriango pasabidea igarota, Zegama aldera egin zuten lehenik. Han bazkaldu, eta azken kilometroei heldu zieten Zeraineraino. Herritarrak zain zituzten bertan, goizeko 10:00etan hasi baitziren guztientzako herri-afari oparoa prestatzen: Lumagorri oilaskoak, Euskaber arrautzak, Mutiloa herritik ekarritako sukalde-tresnak… ezinezkoa ongietorri beroagorik imajinatzea! Sekulako auzolan eta elkartasun eredua izan zen jzioquitarrentzat.

Uztailaren 15eko etapako (Araia–Zerain, 22km) argazki-galeria osoa HEMEN

Gipuzkoren bihotzean bete-betean sartuta, ipar-ekialderantz segitu zuen bere bidea EuskarAbenturak. Hala, uztailaren 16an, Zeraingo frontoia atzean utzita Ormaiztegi aldera egin zuten aurrera jzioquitarrek. Lehenik eta behin, Aizpeako meategiak bisitatu zituzten, baita XX. mendearen hasieran burdina ateratzeko egindako tunel batean sartu ere. Mutiloa herria pasatu ondoren, Ormaiztegira iritsi zen taldea, eta bertan Karlismoaren, Zumalakarregiren eta Agosti Xahoren inguruko argibide historikoak entzun zituzten Asisko Urmenetaren ahotik. Trena hartuta egin zuten jauzi Goierritik Tolosaldera. Laskorain Ikastolan Kike Amonarriz zain zuten euskararen gainean hitz egiteko, eta jzioquitarrei lantxo bat utzi zien: hemen ikasten eta ikusten ari diren guztia euren inguruan zabal dezatela! Egun luzea bukatzeko, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria eta aurkezlea sorpresaz batu zen bazkalostera, eta gazteek nahi beste galdera luzatu zizkioten.

Uztailaren 16ko etapako (Zerain–Tolosa, 10km) argazki-galeria osoa HEMEN

Eta Tolosan eman zuten uztailaren 17a. Goizean gizarte ekonomiaz jardun ziren EHUko irakasle eta Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuko (GEZKI) Enekoitz Etxezarreta eta Jon Morandeirarekin batera. Arratsaldean, ordea, Jone Miren Hernandez ikerlariak gidatuta, euskara eta mundu digitala izan zituzten hizpide. Azken mintegi honetarako, gazteak hiru multzotan banatu zituzten: ikerlariak, eragilerrak eta untsariak. Lehenengoek IKT gailuak zertarako erabiltzen dituzten aztertu behar zuten, eta erabiltzen dituztenen artean zeintzuk diren euskarazkoak. Eragilerrek, aldiz, erreferente euskaldunak aukeratu behar zituzten, arlo desberdinetan ezagunak direnak. Untsariek, azkenik, euskararen erabilera sustatzeko sare sozialak, aplikazioak eta ekimenak proposatu behar zituzten. Jasotako erantzunak Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordera bideratuko ditu Jone Miren Hernandezek. Eguna borobiltzeko, gainera, Glaukoma taldeko Juantxo Arakama rapeatzailearekin bertatik bertara solasteko aukera izan zuten. Kilometrorik gabeko eguna hortaz, baina ez nolanahikoa!

Uztailaren 17ko eguneko (Tolosa) argazki-galeria osoa HEMEN

Uztailaren 18an, martxari berriz ere ekin eta beste 22 kilometro egin zituzten EuskarAbentura espedizioko kideek. Tolosatik abiatu ziren goizean goiz, xiri-miri fin batek lagunduta, eta herrian hain enblematikoa den Triangelu plaza zeharkatuta egin zuten iparralderantz. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea zuten helmuga (13km): euskalgintzaren, herrigintzaren eta euskarazko kulturgintzaren erreferentziazko gunea. Martxelo Otamendi zuzendariak gidatuta, Berria egunkariko erredakzioa ezagutu zuten; Euskaltzaleen Topagunea-ko Manuel Morenok ere hartu zituen; Imanol Larrearen bitartez jakin zuten Soziolinguistika Klusterraren berri; eta Lanku Kultur Zerbitzuak-eko Marta Agirrezabalak ere erakutsi zien euren egoitza. Parkean bertan bazkaldu eta berrindartuta, etapako azken 9 kilometroei heldu zieten Hernaniraino. Beste hitzordu garrantzitsu bat zuten bertan zain, kasu honetan Hiruki Larrosa Kolektiboa-ko kideekin. Sexu, genero, identitate nahiz desira aniztasunaren inguruan hausnartzeko dinamika prestatu zuten gazteentzat, eta ideia oso interesgarriak atera ziren hartueman horretatik.

Uztailaren 18ko etapako (Tolosa–Hernani, 22km) argazki-galeria osoa HEMEN

Lapurdin sartu aurreko azken etapa, atzokoa (uztailak 19), espedizio osoko luze eta maldatsuenetakoa izan zen: Hernani – Irun, 25km. Luxu hutsa izan zen ibilbidea Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren konpainian osatzea, eta bidean basoak nahiz baratzeak ikusi ahala hauek berarekin aztertu zein interpretatu ahal izatea. Azaldu duenez, gure paisaiak ez dira naturalak, kulturalak baizik, eta “ikusten dugun metro koadro bakoitza gizakiaren eraginaren ondorioz da den bezalakoa”. Hala, Sagardoaren bidetik oregano landarea, gorostia, sagastiak, baratzak, banbu inbasorea… aztertzen ibili zire jzioquitarrak. Oiartzungo Gurutze auzoan bazkaldu ostean, Irunera heldu zen espedizio-taldea, etapako 25 kilometroak beteta. Arratsaldean Gorka Moreno UPV/EHU-ko soziologia irakaslea eta Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiko kidearekin solasaldia izan zuten. Inmigrazioaren inguruko mintegia borobiltzeko, Steffi (Honduras), Claudia (Honduras), Clotaire (Kamerun) eta Ibrahim (Boli Kosta) batu ziren, eta euren bizitza-istorioak partekatu zituzten espedizioko gazteekin. Laurak migratzaile ekonomikoak dira eta Euskal Herrian bizi dira orain. Azkenik, DJ Burgueteren musikarekin dantzan agurtu zuten eguna gazteek.

Uztailaren 19ko etapako (Hernani–Irun, 25km) argazki-galeria osoa HEMEN

EuskarAbentura 2019: Tolosa – Irun

Eta, azkenik, Lapurdin sartu da gaur EuskarAbentura 2019 espedizioa. Goizean goiz abiatu dira gazteak Irundik, eta 10:00etan heldu dira Hendaiako Abbadia Jauregira. Bisitaren ostean, Zibururantz segitu dute bidean aurrera bertan bazkaltzeko eta arratsaldea, ordea, lasai antzean pasatuko dute Donibane Lohitzuneko hondartzan. Egunari amaiera emateko, soziolinguistika saioa egingo dute Eneko Gorrirekin batera, Lapurdiko egoeraz mintzatzeko.


EuskarAbentura 2019 espedizioak Lapurdi kostaldean emango dituen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak honakoak dira, hurrenez hurren:

– Uztailak 20: Irun – Donibane Lohitzune, 18km.
– Uztailak 21: Donibane Lohitzune – Baiona, 20km.
– Uztailak 22: Baiona – Lezo (trenez oreretaraino).

Abbadia Jauregira bisita. Uztailak 20, Hendaia.
Soziolinguistika tailerra, Lapurdiko egoeraz Eneko Gorrirekin batera. Uztailak 20, Donibane Lohitzune.
Bizi! Mugimendu altermundistako kideekin solasaldia. Uztailak 21, Baiona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude