Dena prest uztailaren 1ean abiatzeko. Hilabeteko abentura nomada antolatu, kudeatu eta zaintzeaz arduratuko diren xerpa- (begiraleak), komunikazio-, osasun- eta logistika-taldeko kideek formakuntza asteburua egin dute Barriako aterpetxean, elkar ongi ezagutu, taldea errotu eta espedizioko azken detaileak ixteko.

  • EuskarAbentura 2019 espedizioak jarraituko duen ibilbidea egunez egun aletu dute, 31 etapetako bakoitzaren ezaugarri teknikoak ezagutzeko.
  • EuskarAbentura Elkarteak landutako segurtasun, osasun eta genero berdintasun protokoloak azaldu dituzte, baita zaborren kudeaketa eta euskararen erabilera sustatzera bideratutakoak ere. Azken hau Iñaki Eizmendi EBETE-ko arduradunaren laguntzaz.
  • Esperientzia ibiltaria edukiz hornituko duten ekintza garrantzitsuenen behin betiko egitaraua partekatu dute.

Sei egun eskas falta dira datorren uztailaren 1ean, astelehenez, EuskarAbentura 2019 espedizioa abiatzeko: Euskal Herria oinez zeharkatzea eta euskararen lurraldeko geografia, kultura nahiz historia lagunartean ezagutzea helburu duen ekimenaren bigarren ekitaldia izango da.

121 gazteren erreferente izango den taldea (Familia Urdina) osatzen duten 25 lagunek formakuntza-asteburua egin dute, Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundeak finantzatuta, Barriako aterpetxean. Taldea trinkotzeko ez ezik, hilabete osorako irizpide eta jarraibideak ezartzeko ere baliatu dituzte egun hauek. Dena prest dute parte hartuko duten jzioquitarrei behar bezalako arreta, zaintza eta tratua eskaintzeko, bai eta 798 kilometroak mamiz, esanahiz eta balorez betetzeko ere.


EUSKARABENTURA 2019 ESPEDIZIOAREN MAMIA

Orotara 50etik gora jarduerak aberastuko dituzte EuskarAbentura 2019 espedizioko 798 kilometroak. Bisita sorpresak tarteko, ondorengoak dira EuskarAbentura 2019 espedizioko egitarauaren baitako eduki garrantzitsuenak, gaika multzokatuta:

>> Euskara, euskalgintza, hizkuntzak, soziolinguistika
– ‘Euskararen egoera Pirinio magalean’ soziolinguistika tailer ibiltaria Donibane Garaziko karriketan barrena, Xan Airek eta Garaziko Gaztetxeko gazteek gidatuta. (Uztailak 4, Garazi).
– ‘Euskararen egoera Nafarroa Garaian’ soziolinguistika saioa Koldo Colomo Garesko euskara teknikariaren eskutik. (Uztailak 8, Gares).
– Argantzon Ikastolara bisita. (Uztailak 12, Argantzun).
– ‘Euskararen egoera Araban’ soziolinguistika saioa. EuskarAbentura elkarteko Ane Pedruzo eta Imanol Zabaleta gidari. (Uztailak 14, Araia).
– Saio berezia Kike Amonarrizekin. (Uztailak 16, Tolosa).
– Martin Ugalde Kultur Parkera eta Berria-ko erredakziora bisita. (Uztailak 18, Andoain).
– ‘Euskararen egoera Lapurdin’ soziolinguistika tailerra Eneko Gorrik gidatuta. (Uztailak 20, Donibane Lohizune).
– Euskarara hurbildu diren zenbait gazte atzerritarrekin topaketa: Hafsa Fenehara Ouerdi, Nourdine Ouafa, Alejandra Camus, Gesa-Yasmine Rosebrock, Chih-Hsin Yeh-Lu, Roberto Awa Nari… (Uztailak 22, Lezo).
– ‘Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna’ gaubela Hitt Linguistics taldeko Laura Vela hizkuntzalariaren eskutik. Honi buruzko INFO+ ELKARRIZKETA honetan. (Uztailak 22, Lezo).
– ‘Euskararen egoera Bizkaian’ soziolinguistika tailerra Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguezekin batera. (Uztailak 28, Gernika).

>> Gizarte gaiak
– ‘Ipar Euskal Herrian bizi eta lan egitearen erronkak’ tertulia Ipar Euskal Herriko barnealdeko hainbat gazterekin. Tartean, Joana Hoki (Azia elkartea) eta Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna). (Uztailak 3, Jutsi).
– Zurrumurruen kontrako estrategia arrazakeriari aurre egiteko. (Uztailak 10, Viana).
– ‘Eta lana bilakatuko bagenu mundua aldatzeko tresna?’ mintegia Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeira UPV/EHU-ko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuko (GEZKI) kideen eskutik. Honi buruzko INFO+ ELKARRIZKETA honetan. (Uztailak 17, Tolosa).
– ‘Sexu nahiz genero identitate aniztasuna’ mintegia Hiruki Larroxa Kolektiboko Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol kideen eskutik. Honi buruzko INFO+ ELKARRIZKETA honetan. (Uztailak 18, Hernani).
Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiko Gorka Moreno eta hainbat adin txikiko etorkinekin solasaldia. (Uztailak 19, Irun).
– ‘Feminismoaren begiradak’ hausnarketarako tartea Lorea Agirre, Maddi Sarasua, Isortze Formoso, Juanma Rodriguez eta Jaizkibel konpainiako lagunekin batera. Honi buruzko INFO+ ELKARRIZKETA honetan. (Uztailak 23, Donostia).

>> Kultura eta ondare historikoa
– Orreagako Kolegiatara bisita Asisko Urmeneta ilustratzailearen azalpen historikoek lagunduta. (Uztailak 5, Orreaga).
– Yusoko monastegira bisita, euskarazko lehen esaldi idatzien bila. Jzioqui dugu! (Uztailak 11, Donemiliaga Kukula).
– Gesaltzako gatzagetara bisita (Uztailak 11, Añana-Gesaltza).
– Rap, hiphop, break dance, beat box eta inprobisazio tailerra Iñaki Viñapre Arabako Bertso Txapelketako irabazlearen eskutik. Honi buruzko INFO+ elkarrizketa honetan. (Uztailak 14, Araia).
– Zumalakarregi museora bisita, eta Karlismoaren inguruko azalpenak Asisko Urmeneta ilustratzailearen eskutik. (Uztailak 16, Ormaiztegi).
– ‘Muga eta mugalariak’ azalpena Asisko Urmeneta ilustratzailearen eskutik. (Uztailak 19, Irun).
– Antton Abadia Jauregira bisita (Uztailak 20, Hendaia).
– Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita (Uztailak 23, Pasaia).
– ‘Korrotik pikutara’ hitzaldi dantzatua. Euskal dantzaren historia, dantzaren bitartez kontatua. Oier Araolaza eta Gari Otamendi dantzarien eskutik. Honi buruzko INFO+ elkarrizketa honetan. (Uztailak 24, Zarautz).
– Ekainberri museora bisita, historiaurrea sentitzeko. (Uztailak 26, Zestoa).
– Santimamiñera bisita. (Uztailak 28, Kortezubi).
– Gernikako juntetxera eta Gaztelugatxera bisita. (Uztailak 29, Gernika-Bermeo).
– Body Percussion Performance-a Bilboko kaleetan zehar, Elur Arrieta perkusionistak gidatuta. Honi buruzko INFO+ elkarrizketa honetan. (Uztailak 30, Bilbo).

>> Ingurumena
– Auzolana: zabor bilketa, erreka garbitzeko. (Uztailak 5, Auritz).
– 25km-ko etapa Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoaren konpainian. Gure baratzeen, basoen, paisaia botanikoaren gaineko irakurketa. (Uztailak 19, Hernani-Irun).
– 10 urte bete berri dituen Bizi! Mugimendu Altermundistako kideekin topaketa. Hamarkada bateko ibilbidea, larrialdi ekologikoaren inguruko kontzientziazioa eta borroka pizten. Honi buruzko INFO+ hemen. (Uztailak 21, Baiona).
– Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Flyschak. (Uztailak 25, Zarautz-Deba).

>> Kirola
– Orientazio tailerra mendian ez galtzeko, xerpen eskutik. (Uztailak 6, Zubiri).
– Yoga tailerra Bingen Esturorekin. Honi buruzko INFO+ elkarrizketa honetan. (Uztailak 20, Deba).
– Pilota tailerra Patri Espinar pilotariarekin. Eta zestapunta tailerra Irantzu Idoiaga jokalariarekin (iaz jzioquitar izandakoa) eta Xanti Olabe kantxazainarekin.
– Athletic futbol taldeko jokalariekin topaketa, San Mames futbol-zelaian. (Uztailak 30, Bilbo).


FAMILIA URDINA

* Logistika-taldea: Espedizioko koordinatzaile orokorra, eta furgonetak gidatzeaz eta materialaz arduratuko diren 2 gidari.
* Xerpa-taldea (begiraleak): 10 xerpa, 2 xerpa-buru eta 3 xerpa-laguntzaile.
* Osasun-taldea: 2 mediku eta erizain bat.
* Komunikazio-taldea: 2 kazetari, eta bideogile nahiz argazkilari bana.
Horiez gain, EuskarAbentura elkarteko zenbait kide ere batuko dira espediziora.

PROTOKOLOAK

Segurtasun protokoloari dagokionez, arrisku-fokuetan (hondartza nahiz erreketako bainuak eta errepide bazterretako kilometroak, besteak beste) arriskuak minimizatu eta segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak (giza-hesiak, txaleko fosforeszenteak etab.) eta jarduteko modua adostu dute, beti ere iazko esperientzian oinarrituta.

Osasun alorrean, alde batetik, gainkargak, babak, eguzki-erredurak, infekzioak edota kutsatzeak saihesteko neurriak zehaztu dituzte. Bestetik, larritasun mailaren arabera, kasu ezberdinen aurrean hauek kudeatzeko jarraitu beharreko prozedurak findu dituzte hilabetez bidean izango diren mediku eta erizainarekin batera. Azken hauek gaixo kronikoak kontrolatzeko eta sor daitezkeen kasu ezberdinak artatzeko barne-protokoloak adostu dituzte. Gainera, oinarrizko baliabide batzuk irakatsi dizkiete gainontzekoei: Alboko segurtasun-jarrera, edota Heimlich maniobra.

Genero berdintasuna sustatze aldera eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte-hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute Familia Urdinaren baitan. Eta hori bera proiektatuko dute jzioquitarrengan ere: rol tradizional hegemonikoen apurketa bilatuko dute jardueretan, honen inguruko hausnarketa sustatuko dute eta feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete.

Zaborren kudeaketari dagokionez, EuskarAbentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, Hondakiken Kudeaketaren Hierarkian (Europako zuzentaraua) ezarritako lehentasunak betetzea finkatu dute helburu gisa:
– Saihestu daitekeen zaborra saihestu (Prebentzioa)
– Sortutako zaborren bat berrerabili badaiteke, berrerabili (Berrerabilpena)
– Birziklagarriak diren zaborrak horretarako moduan kudeatu (Sailkapena, eta birziklapenerako kudeaketa).
Bestalde, banakako bakoitzak bere tresna berrerabilgarriak ekarriko ditu: plater bana; baso bana; sardeska, koilara eta laban bana; oihalezko bi poltsa; xaboi biodegradagarria; hilerokorako materiala.

Euskararen protokoloa lantzeko, aurten EBETE Hizkuntza Zerbitzuak taldeko Iñaki Eizmendiren laguntza izan dute. Iazko esperientziatik ikasitakoekin eta Eizmendiren ekarpenekin espedizioaren xede garrantzitsuenetakoa den euskarararen erabileran eragiteko markoa ezarri dute. Besteak beste, jzioquitarren errealitate soziolinguistikoaren diagnostikotik abiatuta espedizioak izandako inpaktua neurtuko dute, eta horretan eragiteko askotariko dinamikak garatuko dituzte.

Horiez gain, eraso sexisten nahiz jazarpenen aurkako protokolo bana garatu du elkarteak. Baita drogen kontsumoa galaraztera bideratutako bat, lapurretak saihesteko beste bat eta sakelako telefonoen erabilera arautzeko hirugarren bat ere.