Laura Vela (Basauri, 1992) UPV-EHUko irakaslea, doktoregaia eta unibertsitate horretako Hitt Linguistics taldeko hizkuntza ikerlaria da. Uztailaren 22an, Lezon, gaubela interaktiboa gidatuko du ‘Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna’ izenburupean. Horrekin gutxi ez eta astebetez segiko du EuskarAbentura espedizioarekin batera bidea egiten!

Zer ikertzen duzue hizkuntzaren zientzian aritzen zaretenek?
Hizkuntza aztertzen dugu, baina metodo zientifikoa erabilita. Batez ere ikerketa formala egiten dugu, baina esperimentala ere bai. Esate baterako, autismoaren eta hizkuntzaren arteko harrema azter dezakegu; fonetika laborategi bat daukagu grabaketak egiteko eta ekoizpen nahiz ulermen prozesuei erreparatzeko; psikolinguistekin ere harremana dugu… Hizkuntza egunero erabiltzen dugu komunikatzeko eta baita geure gauzetan pentsatzeko ere. Horregatik, aintzakotzat hartzen dugu eta gehiengoak ez du gehiegi ezta sakonegi pentsatzen honen inguruan. Baina gu horretan aritzen gara eta ikuspegi posibleak ugariak dira gainera…

Zein edo zeintzuk ekarriko dituzu EuskarAbenturara?
Esate baterako, giza hizkuntza beste komunikazio sistema batzuetatik zertan bereizten den galdegin nahi diet gazteei. Eta hizkuntza jakin batean aritzeak nolako ezaguerak inplikatzen dituen pentsarazi nahi diet. Esaldi baten esanahia osoa ulertzeko testuingurua kontuan hartzeak duen garrantziaz jabetu daitezen ere nahi dut, anbiguotasunarekin jolastuz perpaus berak esanahi ezberdinak eduki ditzakeela ulertuko dugu. 

Munduko hizkuntza aniztasunaz kontziente izan daitezen ere nahi duzu. Horrek bereziki arduratzen zaitu.
Bai. Tira, gehienok testuinguru elebidunetan bizi gara eta horrek jada elebakarrena baino begirada zabalagoa ematen digu… Baina, hala ere, markoa are gehiago ireki dezaten nahi dut, munduan makina bat hizkuntza dagoela uler dezaten eta horrek duen balio kulturalari neurria har diezaioten. Hizkuntza batzuk gutxituak direla ikusiko dugu, eta horietako bat hiltzen denean zer gertatzen den ere jorratuko dugu. Bestalde, lexiko aldetik elkarrengandik oso urrunekoak diren hizkuntza zenbaitek egiturari loturiko ezaugarri amankomunak eduki ditzaketela eta tipologia berekoak izan daitezkeela ikusiko dugu. Noski, euskara kokatuko dugu mapa handi eta anitz horretan. Eta, jakina, ahoskatzen ez diren hizkuntzak ere existitzen direla gogoratuko dugu, zeinu-hizkuntza adibidez, eta hauen baitan ere aniztasuna sekulakoa dela.

Nola moldatuko zara eduki hain mardulak era dibertigarrian lantzeko?
Batez ere jolasak eta ikus-entzunezkoak baliatuko ditugu. Ez dut saio teoriko bat nahi, interaktiboa eta taldekakoa baizik. Hizkuntzaren inguruko oharkabeko ezagutzak azaleratzea da helburua, eta horretarako ezinbestekoa da neska-mutil hauen burmuinak gaina honen inguruan aktibatzea, eztabaida piztuko duten galderak planteatzea.

Nolakoa da zure gisako zientzialari baten jarduna?
Gehienok bitan bananduta dugu lana: ikerketa batetik, eta dozentzia bestetik. Lehenengoari dagokionez, denbora asko ematen dugu irakurtzen, idazten, gure azterketen emaitzak kongresu ezberdinetan aurkezten, mintegi akademiko nahiz dibulgatiboak ere antolatzen eta abar. Eta, bestetik, irakaskuntzan aritzen gara. Nik neuk hizkuntzalaritza klaseak ematen ditut EHUko Gasteizko campusean.