ZER DA EUSKARABENTURA?

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 121 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez. 2019ko hau bigarren ekitaldia izango da.

Iaz bezalaxe, aurten ere Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak…


Era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.


HELBURUAK ETA BALOREAK

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.

Horrenbestez, lau dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:

  • Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.
  • Gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea.
  • Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.
  • EuskarAbentura esperientzia bizitzeak berez dakartzan hainbat balore, jarrera eta gaitasun sustatzea:
    • Parekidetasuna
    • Bizikidetza
    • Ardura, autonomia
    • Bizi-ohitura osasuntsuak
    • Ingurumenarekiko begirunea
    • Turismo eredu jasangarria


JZIOQUITARRAK

Orotara, 121 neska-mutilek hartuko dute parte espedizioan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetakoak eta diasporatik etorritakoak dira, guztiak 16-17 urte bitartekoak, 2002-2003 urteetan jaiotakoak alegia.

Lurralde bakoitzetik abenturara batuko den gazte kopurua ezartzeko, lurralde bakoitzeko biztanleriak Euskal Herriko biztanleria osoarekiko suposatzen duen proportzioa hartu dugu kontuan, eta 121 laguneko taldera estrapolatu. Era berean, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen presentzia bermatzea finkatu dugu helburutzat, bai eta neska-mutilen arteko proportzio orekatua lortzea ere (%35 / %65-eko aldea, asko jota). Bestalde, bi plaza gorde ditugu zortzigarren euskal probintziakoentzat.

Den-denek hautaketa prozesu bat gainditu ostean lortu dute jzioquitar (espedizio kideek jasotzen duten izena) izatea. Lan bat eta motibazio gutun bat igorri dituzte ezarritako epearen barruan, eta Eusko Ikaskuntza nahiz PuntuEUS Fundazioa arduratu dira, epaimahai gisa, lan horiek baloratu eta galbahea egiteaz, beti ere originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpidetan oinarrituta, besteak beste.

Lana prestatzeko, hautagai bakoitzak hiru gairen artean bat aukeratu behar izan du:
> Maite ditut maite gure bazterrak: Euskal Herria eta aztarna ekologikoa.
> Joen-etorriak: migrazio mugimenduak.
> Errimak eta erritmoak: musika, kantak, dantzak, olerkiak, antzezpenak.
Eta, gainera, inteligentzia mota ezberdinen araberako formatuak izan dituzte aukeran: Historikoa, Literarioa, Ikus-Entzunezkoa, Musikala, Plastikoa edota Sormen Digitala.


FAMILIA URDINA



121 jzioquitarrekin batera, Familia urdina (elastiko urdina daramatelako soinean) osatzen duten 30 helduk ere egingo dute ibilbidea. Begiraleak (‘xerpak’), sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak dira, baita elkarteko kideak ere.

Tankera honetako ekimenetan aldez aurretik trebatuak izan arren, hiru eguneko formakuntza berezia jaso dute EuskarAbentura 2019 espedizioari begira prestatzeko, eta hainbat protokolo nahiz irizpide adostu eta finkatzeko, batez ere hizkuntzaren inguruan.


EUSKARABENTURA ELKARTEA

Ekimenari izena eman dion irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzalea dago proiektu honen atzean. 2015eko udan Boiseko Jaialdian (Idahon) bat egin zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat gaztek erein zuten lehen hazia. Horiei kide berriak gehitu zitzaizkien gerora, eta ia hiru urtez aritu ziren, boluntario gisa, egitasmoari forma ematen, harik eta 2018ko uztailean lehenengoz argia ikusi zuen arte. Egun, bederatzi kidek osatzen dute EuskarAbentura elkartea.

Hain justu, kide hauetako batzuek garaian Ruta Quetzal izeneko espedizio-sorta sonatuan parte hartu zuten; eta orduko hartatik gordetako oroitzapenetatik sortu zen horren ‘euskal aldaera bat’ martxan jartzeko ideia, beti ere gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoa ardatz hartuta.