Jzioquitarrak EuskarAbentura espedizioko parte-hartzaileek jasotzen duten izena da: Euskal Herriko zazpi luraldeetatik eta diasporatik datozen 15-17 urte bitarteko 125 neska-mutil.
Espedizioan parte-hartzeko gazteek hautaketa prozesu bat gainditu beharko dute eta, horretarako, proiektu pertsonal batez eta aurkezpen bideo batez osaturiko hautagaitza bat bidali beharko dute (izen-emate epea abendu eta martxoa bitartean izan ohi da). Hautagaitza proiektua garatzeko gazteek EuskarAbenturak urtero proposatzen dituen hiru gaietako bat aukeratu beharko dute eta aukeran dauden sei formatuetako batean garatu beharko dute haien lana (historikoa, literarioa, plastikoa, ikus-entzunezkoa, musikala edo digitala).
Hautagaitza proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEUS fundazioak osatutako epaimahai batek baloratuko dituzte, hainbat irizpide kontuan hartuta: originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitatea, besteak beste.
Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako 125 lanak hartuko dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat egiteko helburuarekin.