2023ko abenduaren 1ean zabaldu da EuskarAbentura Espedizioa 2024an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2007 eta 2008 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 8ra arteko epea dauka (martxoak 8 barne) aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. 2006 eta 2009 urteetan jaiotakoek ere aukera izango dute parte hartzeko, baina soilik, Lapurdi, Baxe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira. 2024an, berriz ere, 125 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria zeharkatuko dute, oinez eta euskaraz.


Euskarabentura Espedizioa 2024 edizioaren izen-emate epea abenduaren 1ean zabalduko da. Euskal Herriko eta diasporako 15-16-17 urteko gazte euskaldunek 2024ko martxoaren 8ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 125 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa ere.


Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: 1) Euskara batua eta euskalkiak, Euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?; 2) Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori? eta 3) Utopia, Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?
Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. 

EuskarAbenturaren zurrunbiloa hauspotzen
Izen-emate epearen irekierarekin batera, Euskal Herriko ikastetxeak gogoz eta ilusioz ezagutzen ari direla adierazi dute, bertara joan eta gazteei 2024ko espedizioari buruzko informazio guztia helarazten ari dira. Beraz, elkartearekin harremanetan jartzeko deia luzatzen diete Euskal Herriko hezkuntza zentro eta gazteei.

Euskara ardatz
Espedizioaren 7.edizioan, EuskarAbentura Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak lagunduta aurrera daraman lau urteko ikerketaren azkeneko atala burutuko da. Ikerketaren helburua da neurtzea, espedizioak daukan gaitasuna parte hartzen duten gazteen euskararen erabileran eragiteko eta 2021etik jasotako datuen emaitzak 2025ean argitaratuko ditu elkarteak.