EuskarAbentura 2022 espedizioaren 10. etapak Araban murgildu ditu jzioquitarrak. Gaurkoan ez dute kilometro bakar bat ere egin oinez, baina egun oso-osoa izan da hala ere.

Goizean goiz abiatu dira Lizarratik, autobusez, Errioxara. Donemiliaga Kukula herriko Yuso monastegia bisitatu dute, eta bertan ulertu dute espedizioaren ‘Jzioqui dugu!’ leloaren zentzua. Izan ere, euskaraz idatziriko inoizko esaldirik zaharrena da ‘Jzioqui dugu’ (orain arte aurkitutako zaharrena bederen), eta hain justu Yuso monastegian gordetako latinezko liburu batean topatu zuten, bazter batean ohar edo glosa modura idatzirik. Adituek diote 1000. urtean idatzi zirela Donemiliagako Glosak eta, esanahia guztiz argi ez badago ere, ‘Piztu dugu’ izan liteke itzulpen fidelena.


Monastegi alboko belazean bazkaldu ondotik, berriro ere autobusez, Arabaranzko bidea hartu du espedizioak. Añana izan dute helmuga, eta bertako gesaltzen paisaia eta historia bertatik bertara ezagutzen eman dute arratsaldearen lehen partea.


Horren ostean, EuskarAbentura 2022 espedizioa arabar lurraldean sartu denez gero, ongietorri instituzionala jaso dute espediziokideek. Juan Carlos Medina Añanako alkateak eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak hartu dituzte.

Juan Carlos Medina Añanako alkateak “harrotasuna” sentitzen duela esan du, alkate eta herritar gisa; EuskarAbentura espedizia hirugarren urtez bertatik pasatzea “ohorea” delako. Eta Añanako gatzagen berri zabal dezatela ere eskatu die gazteei: “Itzuli zaitezte, familiarekin eta lagunekin, ongietorriak izango zarete eta.”


Lexuri Ugarte
Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariaren hitzetan, “liluragarria” da hainbeste gazte euskaldun Añanan batuta ikustea, eta aitortu du espero duela jzioquitarrekin batera euskara ere “are gehiago” sartzea arabar lurraldean. Jzioquitarrei aholkatu die probestu dezatela EuskarAbentura disfrutatzeko eta euskara erabiltzeko: “Agian oraindik gazteegiak zarete jabetzeko, baina sekulako altxorra duzue, eta laister konturatuko zarete nolako balio erantsia duen euskaraz ikasteak eta lan egiteak.”

Gaua Añanako igerilekuko belazean igaroko du espedizioak; izarrak behatzeko eta konstelazioak identifikatzeko ‘bibaka’ egingo dute. Bihar (uztailak 11), bestalde, oinezko bideari helduko diote berriz, Argantzunerantz, Trebiñun.

Argazkiak: Andrea Martinez