Erreniegan gora, eta behera, Gareseraino
Sanfermin egunaz Nafarroa Oinez-eko lagunen txosnan eta Gauargi erromeriaren giroarekin gozatu ondoren, gaua Zizur Txikiko Sanfermin ikastolan pasatu zuten bart jzioquitarrek.
Garesera iristea izan dute helburu gaurko etapan, eta hiriburutik aldentzen hasi bezain pronto konturatu dira, paisaia aldatzen hasi den heinean, oso bestelako Nafarroa baterantz abiatzen ari ginela. Gari-soroak ugaritu dira eta ekilore-landak ere agertu dira bidean.
Erreniega mendatean gora egin dituzte aurreneko kilometroak eta sekulako haize zakarrak astinduta gainera; berehala ulertu dute zergatik ipini zuten bertan parke eolikoa.
Mendilerroaren hego-magalean, urrunean, agertu zaie jzioquitarrei eguneko helmuga. Izugarria izan da iragan hilabeteko suteek utzitako arrasto beltza bertatik bertara ikustea. Zenbat hektarea erretea, eta herrietatik zeinen gertu! Obanos atzean utzita, Gareserantz zuzendu dituzte pausoak espediziokideek. Kale Nagusian barrena sartu dira herrian, mendeetako historia gordetzen duten harrizko horma, atari eta eraikin ederren artean.
Arratsaldeko giro polita arnasten zen herrian, baina gehiegi entretenitu gabe, eskolaraino luzatu dute bidea jzioquitarrek. Dutxa fresko bat hartu, eta arratsaldeko dinamikarako prestatu dira. Vogue komunitateko hiru kide hurbildu zaizkie vogue korrontearen historia eta estetika nahiz estiloaren zentzua aurkeztera, eta azaltzera nola balio dezakeen LGTBIQ+ komunitatearen ahalduntzearen alde.
Afalostean, bestalde, Tatxers taldeko bi kideren bisita sorpresa jaso dute. ‘Goizean oskorri’ hit-aren bertsio akustikoarekin eta solasaldi atsegin batekin eman diote amaiera EuskarAbentura 2022 espedizioaren 8. etapari.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu