Ibai Fresnedo: “Politikoki zuzena omen den diskurtso askatzailea nagusitu da gazteen artean, baina hori errealitatean gorpuztu eta ikusaraziko duten erreferenteak falta zaizkie”

Sorry, this entry is only available in Basque. For the sake of viewer convenience, the content is shown below in the alternative language. You may click the link to switch the active language.

Ibai Fresnedo (Barakaldo, 1985) berdintasun eragilea, sexu hezitzailea eta gizarte nahiz kultura dinamizatzailea da. Hiruki Larroxa Kolektiboko kide ere bada eta, hain justu, talde horren ordezkari modura batuko da EuskarAbentura 2019 espediziora uztailaren 18an, Hernanin. Egoitz Arbiol-ekin batera, sexu zein genero identitate aniztasunaren inguruan ariko da espedizioko gazteekin.

Pentsamendu transfeminista sustatzea da Hiruki Larroxa Kolektiboaren misio garrantzitsuenetako bat. Baina, zertaz ari gara?
Feminismoa mugimendu sozial eta politiko zabala da, baina oraindik ere soilik emakumeak ditu subjektu nagusi gisa. LGTBI+ kolektiboko kideok sinesten dugu, ordea, emakumeak eta gu geu zapaltzen gaituen sistema berbera dela, sistema heteropatriarkala alegia; eta hortaz, erro berbera aldarazi nahi dugunez, feminismoaren aldarrietara nahiz ekintzetara identitate aniztasunaren aitorpena eta ikusgarritasuna ekarri behar dela defendatzen dugu.

Sei adjektibok deskribatzen zaituztetela irakur daiteke zuenean: kolektibo irmoa zaretela diozue, kalekoa, saretua, ekintzailea, erradikala eta desbideratua. Zergatik?
IRMOA: Gure lan egitemo moduak gure sinesmen eta helburuekin koherenteak direlako.
KALEKOA: Instituzio eta eragile ezberdinentzako lan egin arren, modu profesionalean aritzeak ez gaituelako kaletik aldendu. Bertatik bertara ezagutzen dugu LGTBI+ kolektiboaren errealitatea, eta modu kritiko eta aktiboan aritzen gara borrokan.
SARETUA: Inguruan beste eragile asko dabiltzalako honetan, eta guk aliatu bezala ikusten ditugulako. Horregatik, zubiak eta elkarlanak bideratzen ditugu gure borroka indartzeko.
EKINTZAILEA: Batzuetan bulegotik bagabiltza ere, nagusiki gizarte mugimendu bezala sentitzen dugulako geure burua.
ERRADIKALA: Gaien erroetara jotzen dugulako beti, sakon. Ez gara azaleko irakurketetan geratu zaleak.
DESBIDERATUA: Gure kolektiboak pairatzen dituen zapalkuntza mota ezberdinen jatorria arau jakin batzuk eta pertsona arau jartzaile jakin batzuk dira; eta eurek ezarritako bidetik aldentzen garelako estigmatizatzen gaituzte. Hori arbuiatzeko, desbideratzearen goraipamena egiten dugu. Gainera, gaur egun, edozein esparrutan, dibertigarriagoa da normatik aldentzea.

Zehazki, EuskarAbenturako gazteekin zer jorratuko duzue?
Kontzientziazio eta sentsibilizazio lana egingo dugu. Sexu eta genero aniztasunaren garrantzia nahiz balioa azpimarratu nahi dugu eta, zentzu horretan, LGTBI+ kolektiboaren inguruko estereotipoei kritikotasunez begiratzeko betaurreko berriak eman nahi dizkiegu; errealitatea ulertu eta aldatzeko gako eta baliabideak alegia. Identitate aniztasunak gizarteari egiten dion ekarpena erdigunera ekartzeak zalantza asko argitzeko balioko duelakoan gaude.

Nerabezaroa zalantzaz beteriko garaia baita…
Bai. Gaztaroa, oro har, garai oso kritikoa da identitateari dagokionez, eta horren muina edo esentzia sexualitatea izaten da maiz: gutako bakoitzak nola eraikitzen dituen besteekin dituen harremank, nola kudeatzen duen desira… etab. Ziurtasun falta handiko garaia da eta, tabuetatik aldenduta, gazteek tresnak behar dituzte erantzunak modu askean bilatzeko. Bestalde, ezinbestekoa da nerabe hauek sexu nahiz genero aniztasunaren inguruko mezu positiboak jasotzea, gaia baikortasunetik jorratzea, eta ez beti irainei, zigorrari, diskriminazioari lotutako zerbait bezala.

16 eta 17 urte bitarteko 121 gazte, Euskal Herri osokoak, 31egun x 24ordu. Bere burua LGTBI+ kolektiboaren baitan identifikatzen duenik izango da tartean, ziur. Nola kudeatuko dute horrelako esperientzia bat? Nolako bizipenak izan daitezke?
Hain zuzen horregatik da testuinguru oso interesgarria egin nahi dugun lana egiteko. EuskarAbentura programako ekintza ‘arautuez’ gain, gazte hauek tarte informal eta intimo asko izango dituzte: gaubelak, dutxak, ligoteoak… eta hormonak borborka. Bi perfil aurreikusten ditut: orain arte bere identitatea ezkutatu ez dutenak; eta oraindik pausoa eman ez baina egin nahi dutenak. Zentzu horretan, uztailaren 18an Hernanin egingo dugun saioa nahiko askatzailea izango dela uste dugu. Guk ez dugu inor armairutik atera nahi, ez dugu horretan sinesten, baina noraezean senti daitezkeen horiei argi pixka bat ekartzeko eta zalantzak bideratzen laguntzeko baliagarria izan daiteke. Hiruki Larroxa Kolektiboa bezalaxe honetan diharduten beste eragileen sarea ere aipatuko diegu noski eta, hartara, EuskarAbentura amaituta ere jakingo dute norengana jo dezaketen kontsultak egiteko eta abar.

Gaur egun, zerk baldintzatzen du 16-17 urteko gazte baten sexualitatea?
Eredu alternatiboen falta azpimarratuko nuke. Oraindik ere, betiko molde heterosexual tradizionala nagusitzen da bai publizitatean eta baita kultura industriak produzitzen dituen eduki guztietan ere. Eta horrek noraezean dauzka gazteak. Izan ere, alde batetik, azken urteotan, politikoki zuzena omen den diskurtso askatzailea nagusitu da gazteen artean: norberak erabaki dezakeela norekin oheratu, nor maitatu… eta abar. Baina kanpora begirako zerbait da soilik, maila diskurtsiboan geratzen dena, hitzez dioten hori ez baita gero gauzatzen. Maila ezkutuan, zapalkuntzak bere horretan segitzen du; irainak, diskriminazioa… gero eta forma sotilagoak hartuta gainera. Hori hala gertatzen da, justuki, ahoan darabilten diskurtso hori errealitatean gorpuztu eta ikusaraziko duten erreferenteak falta zaizkielako.

Nolako rola dute LGTBI+ kolektiboko pertsonek mainstream kulturalean?
Filmetan, telesailetan, bideoklipetan… ekoizleak berriki hasi dira gaia txertatzen baina, oraindik ere, istorio nagusia osatu edo apaintzen duten pertsonaiak izaten dira pertsona homosexualak, transexualak eta abar; periferikoak, inoiz ez protagonistak. Publizitatea ere zeharo heterozentrista da.

Nola irauli hori guztia?
Ba, hain justu, ezarritako arauetatik aldentzen diren pertsonei zentraltasuna aitortuta, erdigunera ekarrita, ikusgarri bilakatuta eta gizarteari egiten dioten ekarpena goraipatuta. Aniztasuna kudeatu behar baita noski, baina, lehenik eta behin, onartu egin behar da. Eta horretarako, aisialdia, EuskarAbentura moduko testuinguruak esparru oso garrantzitsuak dira; kanal informaletatik barneratzen duguna askoz gehiago errotzen delako eskola moduko bide formaletatik iristen zaiguna baino.

Ibai Fresnedo, Hiruki Larroxa kolektiboko kidea.
Egoitz Arbiol, Hiruki Larroxa kolektiboko kidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *