Espedizioa amaitu bada ere, komunitateak hazten eta gazteek saretzen jarraituko dute
Hilabete luze, 30 egun, 400 km, 27 herri, 160 pertsona, 27 herri, 40 eduki emaila baina gehiago…. dena zenbakitzen saia gintezke, baina ezinezkoa dugu bizitako, eraikitako harremanak neurtzea, besteren artean amaitu ez direlako. Beste espedizio bat joan da, eta orain, zuei, Jzioquitarrei dagokizue sarea hedatzen jarraitzea euskaratik eta euskaraz, herri honek merezi duelako.
Getxon Itxasargia dantza taldeko kideen agurra jaso eta alkate zein zinegotziek harrera egin ostean, joaldunek ireki zioten bidea espedizioari bere azken metroetan. Guraso eta senitartekoen zorion eta txalo zaparrada artean eta Algortako Bertso Eskolako kideen doinuarekin sartu zen Muxikebarri aretoan EuskarAbentuta, hilabete luzez Euskal Herrian zeharkatu ostean amaiera ekitaldirako.
Oroimen eta aitortza ekitaldi bat izan zen; familiak, babesleak, elkartekideak, urdinak eta nola ez, Jzioquitarrak. Horietako bakoitza ezinbestekoa izan da espedizioa aurrera ateratzeko. Espedizioa amaitu bada ere, ideia bat gailendu zen Getxoko ekitaldian: ez dadila haria eten! Elkartekideen hitzetan, Jzioquitarrek eskainitako bertsoetan edo urdinen abestiak zioen moduan “…ta orain datorrena izango dela hoberena, zuen esku dago honakoa piztuta mantentzea”.
Nahiz eta bukaera
onartu beharko
jzioquitar maitea
ez sentitu txarto
ezazu egin negarrik
bukatu delako
irribarrea atera
bizi duzulako
hemen gertatu dena
baita betirako
2018an lehen espediziotik argi izan du Euskarabenturak bere helburua: gazte euskaldunen sarea osatzea. Geroztik guztira, 16-17 urte bitarteko 741 gaztek parte hartu dute espedizioeta. Aurtengoan familia hori handitu eta komunitate hori gorpuzten jarraitu dugu, eta hala egingo dugu hurrengoan ere, euskaratik eta euskaraz, herri honek merezi duelako.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu