Bizkaian barrena emango ditu Euskarabenturak bere aurtengo azken pausoak
Gipuzkoako kostaldea zeharkatuta sartu zen Bizkaian EuskarAbentura uztailaren 25an, Lekeitiotik. Uztailaren 31ean Getxon amaituko dute eguerdiko 12:30ean espedizioari itxiera emango dion amaiera ekitaldiarekin.
Espedizioak martxa onean doa, arlo guztietan gainera; azpiegitura, osasuna, edukia, gazteak…. Noski, 300km oinetan izanda nekea antzematen dala ezin uka, gazteen sasoia izugarria da, ordea. Baita leku berriak deskubritu eta ezagutzeko irrika ere, eta horrek, aurrera egitera animatzen eta bultzatzen du espedizioa. Etapak aurrera doazen heinean, azken data hurbilduz doa, eta azaleratzen hasi dira amaitu eta ez amaitzeko neke eta gogoaren arteko tentsioak. Normala, euskarazko arnasgune erraldoi bat da askorentzat, eta baita konfiantzazko burbuila bat ere. Emozioak beraz loratan daudela esan genezake.
Donostian, Zarautz, Lekeitio, Aulesti eta Gernika, bost horiek izan ditugu azken egunetan helmuga, bizitakoak aldiz gehiago dira. Donostiako Piratekin batera egindako abordatzea aurreneko aldiz egindako zerbat izan da, eta ziur gaude marea laranja abuztuan kaian izango dala. Kike Amonarrizen bisita beti bezain inspiratzailea izan zen, eta Ziribito Records gazteekin izandako elkarrizketa zintzoa eta hurbila erabat. Zarautzen, goiza gris esnatu bazen ere, ederki gozatu genuen olatuekin, eta Skabidean zein Porrotxen bisitak eguna kolorez jantzi zuen. Lekeitio izan genuen Bizkaiko lehen geltokia, bezperako magiarekin jarraituz Gure Zirkura hurbildu ginen, artistak ezagutu eta haiekin batera une eder batetaz gozatzeko.
Donostian eta Zarautzen harrera instituzionalak izan genituen. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera eta gosaria eskainiko ziguten udaletxean. Bertan izan ziren Eneko Goia alkatea eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria. Zarautzen, berriz, Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak harrera egingo diote espedizioari. Familia argazkia atera genuen Xabier Txurruka eta Nerea Melgosarekin.
Azken egunetan sartzen da EuskarAbentura; Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo izango dira hurrengo mugarriak eta espedizioari amaiera emango dion ekitaldia antolatzen ari dira uztailaren 31erako Getxoko Muxikebarrin.