Uztailaren 7an Iruñean
Uztailaren 7ko etapa borobila izan da, Iruñara eraman baitu taldea, San Fermin egun betean. 8:30ak aldera abiatu dira Zubiritik, ohi baino jendetsuago. Izan ere, espedizio honetarako aurreikusitako lehendabiziko ‘Belaunaldi Arteko Eguna’ izan da: 2019 eta 2021eko jzioquitar ‘beteranoek’ aurtengo jzioquitar berriekin etapa oso bat partekatzeko aukera izan dute.
22 kilometro egin dituzte guztira, gehientsuenak itzalean; eskertzekoa! Zabaldika atseden-gunean hamaiketakoa eginda, gazteek azken 8 kilometroei ekin diete Iruñera heldu aurretik. Sekulako ilusioz egin dute aurrera Nafarroako hiriburuko karriketan barrena; kantuan, dantzan. Segurtasun-neurri guztiak hartuta sartu dira hirigunean eta Nafarroa Oinez-eko lagunen txosnara joan dira bazkaltzera, Taconera lorategietan. Arratsaldean, leku berean, sekulako gozatua hartu dute Goizargi erromeriarekin.
Gaua, baina, ez dute Iruñan pasatu. Erromerian izerdi galanta bota eta gero, beste ordubetez ibili dira Zizur Txikiraino, bertako San Fermin ikastolan hartu baitute aterpe.
Hurrengo geltokia: Gares!
Argazkiak: Andrea Martinez
Facebooken partekatu Twitterren partekatu