Izen-emate epea behin betiko itxita (martxoaren 23ra arte luzatu genuen Behen Nafarroako, Zuberoako eta diasporako gazteen kasuan), EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartu nahi dutenen inguruko datu gehiago emateko moduan gara, gutxi gora beherako profila marrazteko.

Izena eman dutenetatik, 202 neskak dira, 59 mutilak, eta batek adierazi du nahiago duela galdera horri ez erantzun.

Jatorriari dagokionez, 84 lan eta motibazio gutun igorri dizkigute Bizkaiatik, 66 Nafarroatik, 51 Arabatik, 50 Gipuzkoatik, 6 Lapurditik eta bakar bat Behe Nafarroatik. Zuberoatik, aldiz, ez da proposamenik iritsi. Bestalde, diasporatik bi izen-emate jaso ditugu: bat Argentinatik eta beste bat Suediatik.

Gehienek (guztira 116k) migrazio mugimenduen gaia aukeratu dute izen-ematearekin batera eskatutako lana garatzeko. Beste 74k errimak eta erritmoak nahiago izan dituzte: musika, kantak, olerkiak, dantza. Gainontzeko 70ak Euskal Herriko aztarna ekologikoaren inguruan aritu dira.

Hautatutako gaiari edukia eman eta mamitzeko proposatutako sei formatuen artean, 86 gaztek literarioa aukeratu dute. 64k ikus-entzunezkoa. 42k historikoa. 38k lan plastikoa egin dute. 20k musika baliatu dute. Eta, azkenik, 10 lagunek sormen digitalera jo dute.

Aurrerantzean eta apirilaren 15era bitarte, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS Fundazioa arduratuko dira, epaimahai gisa, lan horiek guztiak baloratu eta galbahea egiteaz, beti ere originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpideetan oinarrituta, besteak beste.

SEXUA JATORRIA LANERAKO GAIA LAN FORMATUA
* Neskak: 202
* Mutilak: 57
* Nahiago dut ez erantzun: 1
* Bizkaia: 84
* Nafarroa: 66
* Araba: 51
* Gipuzkoa:50
* Lapurdi: 6
* B.Nafarroa: 1
* Zuberoa: 0
* Diaspora: 2
* Migrazio mugimenduak: 116
* Aztarna ekologikoa: 70
* Errimak eta erritmoak: 74
 

* Literarioa: 86
* Ikus-entzunezkoa: 64
* Historikoa: 42
* Plastikoa: 38
* Musikala: 20
* Sormen digitala: 10