KOSTAKO BIDEAREKIN EKIN DIO ESPEDIZIOAK AZKEN ASTEARI
Atzean gelditu dira Araba, Nafarroa eta Lapurdi ere. Ia 400 kilometro oinetan dituztela sartu da bigarrenez EuskarAbentura Gipuzkoan. Kostako bideari jarraituz Bizkaian sartuko da bihar. Amaieraren hasierari ekin diote jzioquitarrek.
Zerainen ospatu zuten jzqioquitarrek espedizioaren erdialdea afari herrikoarekin. Indarrak hartuta Gipuzkoa barnekaldetik Nafarroa Garaian sartu zen espedizioa pasa den asteburuan. Lesakan atseden eguna eginda Baiona-Urruña etaparekin kostako bideari ekin dio EuskarAbenturak. Bide guzti horretan, alde batetik, elkarren artean gehiago ezagutzeko eta harremanak estutzeko aukera izan dute, familia sentimendua indartu da egindako 400 kilometrotan. Eta, bestetik, herrialde bakoitzeko euskararen egoera sozilinguistikoa sakonago ezagutzeko aukera izan dute aurreko urteetako jzioquitarrekin. Gainera, Edurne Azkarate, Oihana Barrena, Mirua, Xabi Solano edo Maruxaken ezustekoak une bereziak izan dira gazteentzat, ahaztuko ez dituzten horietakoak.






Gaur goizean Donostiako udaletxean Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak harrera ofiziala egin dio espedizioari. Jon Insausti Maisterrena Donostiako alkateak hartu du hitza aurrena eta eskertu die jzioquitarrei espedizioan beste behin Donostia aukeratu izana geltoki moduan. Jarraian Arantxa López Simón Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotziak abentura ahalik eta gehien zukutzera animatu ditu gazteak. Garbiñe Mendizabal Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko suzendariak, besteak beste, euskararekiko gazteek ere duten arduran jarri du fokoa. Eta ildo beretik, Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikorako Sailburuak espedizioan ikasitakoak zein landutako baloreak abenturaz beste zabaltzeko gonbidapena egin die jzioquitarrei.
Zarautzen da dagoeneko espedizioa eta bihar Bizkaian sartuko da, espedizioaren azken herrialdea. Azken egunak badira ere, asko geratzen da ibili, ikasi eta gozatzeko oraindik.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu