Eguerdi aldera batu dira Euskal Herriko zein diasporako 130 jzioquitarrak Atharratzen. Kamiseta laranjak soinean Euskal Herria zeharkatuko dute gazteek uztailaren 31ean Getxon amaitzeko. Hamaika kilometro eder, adiskide zoragarri eta kontu berri ezagutuko dituzte bidean, eta den-dena, euskaraz. 

EuskarAbenturak bere sorreratik izan du xede gazteen euskararen erabileran eragitea. Horretarako jaio zen 2018an EuskarAbentura eta helburu berarekin ekin dio bideari zortzigarrenekoz Zuberoan: gazte euskaldunen sarea handitzeko eta trinkotzeko. Hala, espedizioari hasiera emateko Atharratzeko udalak harrera egin dio eta Milou Castan, Atharratzeko udaleko kidea “Onki xin Atharratzera, Xiburuko probintzia txikiena” esanez hasi du hitzartzea. Oroitu du aurten Korrika ere bertatik abiatu zela eta hura ere Bizkaian amaitu zela. Amaitzeko espedizio eta oroitzapen onak opatu dizkie gazteei. Jarraian aurreneko espedizioko familia argazkia atera dute. Hasi da EuskarAbentura. 

Nabari da giroan urduritasuna eta kitzika. Ataun, Azkaine, Berroeta,  Etxebarre, Iruñea Izpura, Laudio, Ortuella, Oion, Sestao, Usurbil…. Euskal Herriko hainbat txokotako gazteak batu dira, baita Sant Cugat del Vallés, Herrialde Katalanetako kideak ere. Horietako askok ez dute inor ezagutzen baina esperientzia bizitzeko irrikitan daude dagoeneko. Bazkal ostean lau gitarra atera eta ia espedizioa osoak kantuari heldu dio; Zea Maysen “negua joan da ta” abestiarekin goxo hasi eta Rotten 13ren “amaitu da dolua, sentimendua, ez bedi izan zapaldua, altxa behar da burua…” eztarriak urratu arte.  Energia itzela nabari giroan, zaila egingo zaie batzuei gaur lo hartzea. Bihar, ordea, goizean goiz jaiki eta etapa izango dute. Lehen erronka: 18 kilometroko ibilbidea Maulera heltzeko. 

Urdinen artean ere badira nerbioak. Libe Martinez de Rituerto Zeberiok eta Garazi Hurtado Prietok ondotxo ezagutzen dute espedizioa. Lehen eta bigarren edizioetan jzioquitarrak izan ziren eta geroztik makina aldiz parte hartu dute urdin lan taldean. Aurtengoa, ordea, ezberdina da. Irune de la Maza Olagorta eta Alaitz Elizburu Agirre orain arteko koordinatzaileen lekukoa hartu baitute. “Aurten ardura berri dugu eta horrek puntu gehigarri bat dakar” azaldu du Libek eta “baina urduritasun positiboa, espedizio bakoitza berria baita, bakarra eta argi dugu dena ondo aterako dela” gehitu du Garazik.

Duela 8 urte aurrenekoz espedizioa egitea bera izugarria izan zela oroitu dute bi koordinatzaile berriek. Baina urtero-urtero 100 gazte baina gehiagok, hilabete luzez arnasgune ibiltarian parte hartzeko aukera izatea izugarria dela azpiarratu dute. Eta hala, esker ona adierazi diete Eusko Jaurlaritza, EITB, Bilbao Bizkaia Kutxa BBK, Irizar, Nafarroako Gobernua, Euskarabidea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Bilboko udala, Getxoko udala, Iruñeako udala, Gasteizko udala, Donostiako udala, Leioa Berri Karabaning, Gasca, Kaiku, EuskoTren eta Eusko Ikaskuntza eta baita aurten batu diren babesle berriei ere: Baionako udala, Orona Group, Danobat Group, Ampo, MLA Koop, Ulma eta Sakana Group. Haien laguntzak egiten baitu posible eta baita espedizioaren egunerokotasunean bidaide direnen laguntzak.