EUSKARABENTURAK ESPEDIZIO BERRIARI EKINGO DIO UZTAILAREN 1EAN
Zortzigarren espedizio honetan Euskal Herriko zein diasporako 130 gazte euskaldunek parte hartuko dute Atharratzetik abiatu eta Getxon amaituko den hilabeteko abenturan. Hala, beste behin, EuskarAbenturak “jzioqui dugu” aldarripean bultzada eman nahi dio euskararen pizkundeari.
EuskarAbenturak bere sorreratik izan du xede gazteen euskararen erabileran eragitea. Horrela jaio zen 2018an EuskarAbentura: gazteek euskara bizipen positiboekin lotuko zituen esperientzia ahaztezina. Ordutik espedizioz espedizio ehundaka jzioquitar batu dira gazte euskaldunen sarera. Sare hori eraikitzen eta trinkotzen jarraitzeko xedearekin indartsu ekingo dio bideari zortzigarren espedizioak uztailaren 1ean.
Aurreko edizioetan egin moduan, etapa gehienek Done Jakue bidea izango dute oinarri; dela frantsez bidea, dela barnealdeko bidea, dela kostako bidea. Ibilbidean, ordea, moldaketak egin eta Euskal Herriko txoko berriak ezagutuko ditu espedizioak. Izan ere, espedizioak aurrenekoz Sakana gurutzatuko du; Irurtzunetik sartu eta Arbizu zein Olazti ezagututa. Bizkaiko kostaldean ere geldialdi berria egingo du; Ondarrun. Guztira 650 kilometro inguru egingo dituzte aurten, aurreko urtean baino 120 kilometro gutxiago. Oinez, ordea, 100 kilometro gehiago egingo dituzte, 500 inguru. Bataz beste egunean 17-20 kilometroko etapak egingo dituzte jzioquitarrek.
Hala dute izena espedizioan parte-hartzen duten gazteek; jzioquitarrak. “Jzioqui dugu” euskaraz idatzitako lehen testigantza idatzietako bat da, batzuen arabera “piztu dugu” edo “lortu dugu” esan nahia du. Horregatik hartu zuen lema moduan EuskarAbenturak eta gazteak euskararen aktibazioaren giltzarri moduan jzioquitar izendatu. Izan ere, espedizioan parte hartzeko gazteek ez dute ordaintzen. Alderantziz, gazteek agertzen duten interesari eta egindako lanari esker irabazten dute plaza, “beka” moduko bat. Aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lanak proposatutako ondorengo hiru galderen gainean: “zer da euskalduntasuna?”, “ametsak egia bihur daitezke”? eta “zein garai historikora joan nahiko zenuke?”. Eusko Ikaskuntzak zein EuskarAbentura elkarteak lanak baloratu ostean, hauek dira herrialdeka kamiseta laranja eramango duten parte hartzaileek datuak: bizkaitarrak 45 (%34,62), gipuzkoarrak 29 (%22,30), nafarrak 26 (%20), arabarrak 13 (%10), lapurtarrak 7 (%5,38), behe-nafarrak 6 (%4,62), zuberotarrak 1 (%0.77) eta diasporakoak (Sant Cugat del Vallés, Bartzelona, Herrialde Katalanak) 3 (%2.31). Sexuari erreparatuta % 59,23 emakumeak dira (77) eta % 40,77, aldiz, gizonak (53). Gazteekin batera espedizioa egingo duen lan taldea, edo urdinak, 24 kidek osatuko dute; 14 xerpa, xerpa laguntzaile eta xerpa buru, 2 gidari/material arduradun, 3 kide osasun lan-taldean, 3 kide komunikazio lan-taldean eta 2 koordinatzaile.
Hain zuzen ere bi koordinatzaile horiek, udaran ez ezik, urte osoan egiten dute lan espedizioa antolatzeko. Haiena da ardura handiena. Hainbat urtetako lanaren ostean Irune de la Maza Olagorta eta Alaitz Elizburu Agirre orain arteko koordinatzaileek espedizioan erreleboa emango dute. Haien lekukoa Libe Martinez de Rituerto Zeberiok eta Garazi Hurtado Prietok hartuko dute, lehen eta bigarren espedizioetan jzioquitar izandakoak biak.
Koordinatzaileekin batera EuskarAbentura elkarteko kideak egoten dira boluntario lanetan laguntzen espedizioaren antolaketan. Haiekin batera 2026ko espediziorako, jzioquitarrak zein urdinak izandako kideak batu dira lan horretara. Ondorioz, prestaketarako dauden hiru batzordeak indartuta dira aurten; bizikidetza, euskara eta eduki batzordea hain zuzen ere.
Aurkeztutako lan kopuruak, koordinatzaileen erreleboak zein antolaketarako boluntario berrien parte hartzeak erakusten du proiektuak baduela gazte euskaldunen interesa, belaunaldi berrien babesa eta aurrera jarraitzeko indarra.
Indar horrekin batera ezinbestekoa dira proiektuaren babesleen ekarpena. Haien laguntzaren bidez Euskal Herriko errealitate ezberdinetako gazteek esperientziaz gozatzeko aukera posible egiten dutelako. Orain arteko babesleez gain (Eusko Jaurlaritza, Bilbao Bizkaia Kutxa BBK, Irizar, Nafarroako Gobernua, Euskarabidea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Bilboko udala, Getxoko udala, Iruñeako udala, Gasteizko udala, Donostiako udala, Leioa Berri Karabaning, Gasca, Kaiku, EuskoTren eta Eusko Ikaskuntza), aurten berriak batu dira: Baionako udala, Orona Group, Danobat Group, Ampo, MLA Koop, Ulma eta Sakana Group.
| DATA | NONDIK NORA |
| Uztailak 1 | ATHARRATZE |
| Uztailak 2 | ATHARRATZE – MAULE |
| Uztailak 3 | MAULE – PAGOLA |
| Uztailak 4 | PAGOLA – LARZABALE |
| Uztailak 5 | LARZABALE – DONIBANE GARAZI |
| Uztailak 6 | DONIBANE GARAZI- IRUÑEA |
| Uztailak 7 | IRUÑEA |
| Uztailak 8 | IRUÑEA-IRURTZUN |
| Uztailak 9 | IRURTZUN-ARBIZU |
| Uztailak 10 | ARBIZU-OLAZTI |
| Uztailak 11 | OLAZTI- AGURAIN |
| Uztailak 12 | AGURAIN-GASTEIZ |
| Uztailak 13 | GASTEIZ- ARAIA |
| Uztailak 14 | ARAIA-ZERAIN |
| Uztailak 15 | ZERAIN- TOLOSA |
| Uztailak 16 | TOLOSA-HERNANI |
| Uztailak 17 | HERNANI-OIARTZUN |
| Uztailak 18 | OIARTZUN – LESAKA |
| Uztailak 19 | LESAKA |
| Uztailak 20 | LESAKA- URDAZUBI |
| Uztailak 21 | URDAZUBI – BAIONA |
| Uztailak 22 | BAIONA- URRUÑA |
| Uztailak 23 | URRUÑA – DONOSTI |
| Uztailak 24 | DONOSTI – ZARAUTZ |
| Uztailak 25 | ZARAUTZ- ONDARRURA |
| Uztailak 26 | ONDARRU-LEKEITIO |
| Uztailak 27 | LEKEITIO – NABARNIZ |
| Uztailak 28 | NABARNIZ- GERNIKA |
| Uztailak 29 | GERNIKA-BERME0 |
| Uztailak 30 | BERMEO-BILBO |
| Uztailak 31 | BILBO – GETXO |