EUSKARAREN ALDE JAUZI EGITERA GOAZ!

Azken urteko krisi ekonomiko eta kezkak apur bat gaindituta, 2025eko Abenduaren 2an zabalduko da “EuskarAbentura Espedizioa 2026”an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2009 eta 2010 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 2ra arteko epea dauka (martxoak 2 barne) aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. 2011 urtean jaiotakoek ere aukera izango dute parte hartzeko, baina soilik, Lapurdi, Baxe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira. 2026an, berriz ere, 127 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria zeharkatuko dute, oinez eta euskaraz.

Euskarabentura Espedizioa 2026 edizioaren izen-emate epea abenduaren 2an zabalduko da. Euskal Herriko eta diasporako 15-16-17 urteko gazte euskaldunek 2026ko martxoaren 2ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko, horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz (Izen-ematea: www.euskarabentura.eus / Parte hartu / Hautagaitzak 2026 atalean).

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntzako kideek ebaluatuko dituzte eta apirilaren 22an 127 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa ere.

Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Zer da euskalduntasuna?, Zerk egiten gaitu euskaldun? Bizi zaren tokiak eta inguruko testuinguruak euskal nortasuna izate horretan eragina duela esango zenuke?; Ametsak egi bihurtu daitezke?, Ze jokabide hartuko zenuke amets hoiek egikaritzeko ? Ametsak errealitate bihurtzera heltzeko prozesuan zer esango zenuke eragin dezakeela?; eta Zein garai historikora itzuliko zinateke?, Garai historiko bakoitzak alde on eta txarrak dituela esango zenuke? Zeintzuk? Egun, teknologia berrien garapenak eta intelijentzia artifizialaren sortzea bolo bolo dabil, ildo honetatik, hobeto edo okerrago bizi garela esango zenuke Aro Garaikidean? Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak.

Inoiz baino gehiago, ahalduntzeko garaia da!

Azken urteko krisi ekonomiko eta kezkak apur bat gaindituta, berriro ere “arnasgune ibiltaria” martxan jarriko da 2026ko uztailaren 1ean. Beste urte batez, euskararen normalizazioan eragiten ahalegintzeko. Inoiz baino indartsuago aurreikusten da 2026ko espedizioa, izan ere, euskarak eta gure komunitateak bizi duen larrialdi linguistiko honen aurrean, indarrak batu eta ahalduntzeko garaia da.

Durangoko Azokarekin elkarlanean

Azkeneko urteetan bezala, abenduaren 5eko ikasle goizean eta 6an Gazte eztanDA! egunean izango gara! Abenduaren 5ean, ikasle goizean, azokaren kanpoaldean jarriko dugun karpatxoan aurkituko gaituzue, 2026ko edizioari buruzko informazio guztiarekin.

Abenduaren 6an, berriz, Egin eztanda! lehiaketa prestatu dugu durangoko azokako lan taldea, TAUPA mugimendua eta EHEko kideekin batera. Lehiaketa 15-25 urte bitarteko gazteentzat bideratuta egongo da, hirukoteka eta aurkezle geldiezin pare batek bideratuta, durangoko azoka eta euskal kulturari buruz zenbat dakiten agerian utziko dute froga eta galdera dibertigarrien bitartez! Egun bereko 10:30etan eman beharko da izena eta 12:00etan ordu batez lehiaketari ekingo diogu!