Kasik konturatu gabe, EuskarAbentura 2022 espedizioaren herena joan da! 11.etapa izan da gaurkoa, jzioquitarrak Añanatik Argantzunera eraman dituena. Ohi baino arinago iratzarri dira: goizeko 6tan desegin dute gazteek Añanako igerilekuko belazean ezarritako ‘bibak’ kanpalekua. Gaua fresko antzean pasatu bada ere, ia 40 graduko tenperatura zegoen aurreikusita gaurko egunerako, eta horregatik erabaki dute 7ak pasatxo ekitea bideari. Eta erabaki ona izan da!

Kilometro gehienak Trebiñuko lurretan barrena egin dituzte, soro artean eta itzalik gabe. Lau ordu eta erdiren buruan heldu dira Argantzunera, eta herriko ikastolaren lorategian ur-jolasetan ibili dira freskatzeko. 

Beroak gogor estutu ditu gazteak egun osoan zehar. Hala ere, frontoiaren babesean, sokatira-tailerra egin dute Araiako Badaiotz taldeko neskekin batera. Eta herriko Argantzun ikastolan ere izan dira Trebiñuko euskal hiztunen errealitatea ezagutzeko, ikastolako guraso eta irakasleen eskutik. 

Argazkiak: Andrea Martinez