11 egun joan dira EuskarAbentura 2019 espedizioa bizitzen ari diren 121 jzioquitarrak Maulen elkartu eta abentura nomadari ekin ziotenetik. Azken bost egunak Nafarroa Garaian barrena eman dituzte, zehazki, Donejakue bide frantsesak markatzen duen ibilbidea egiten: 108 kilometro orotara (180 Maulen hasi zirenetik). Datozen lau egunetan, ordea, Araba zeharkatuko dute, barnealdeko Donejakue bidea jarraituz, kontrako norabidean, ipar-ekialderantz alegia.

Hilaren 5ean sartu ziren, Orreagatik, eta Auritzen eman zuten gau hura. Biharamunean (hilak 6) 19 kilometroko etapari heldu zioten. Batez ere beheranzkoa izan zen, nahiz eta eguzki gogorrak erruz izerdiarazi zituen gazteak. Konpostelarantz zihoan makina bat erromes zebiltzan bidean eta, beraz, Donejakue fenomenoak inguru horretako herrietan duen inpaktuaren lekuko izan ziren jzioquitarrak. Arga ibaiaren gainean XI. mendean eraikitako Errabiaren Zubia izeneko zubi gotikoa zeharkatuta heldu ziren Zubiri herrira. Arratsaldez, orientazio tailerra egin zuten mapak eta iparrorratzak erabiltzen ikasteko eta, besteak beste, eguzkia, haizea eta zuhaitzak interpretatu eta informazio-iturri gisa erabiltzen ikasteko. Gauean, aldiz, Alex Txikon alpinistaren bisita sorpresa jaso zuten. Lemoakoak bere ibilbidearen errepasoa egin zuen, baita K2ra neguan egindako espedizioaren detaileak argitu ere. Baina, nagusiki, mendizaletasunari lotutako baloreez aritu zitzaien (esfortzua, talde-lana, buruaren indarra), eta gazte askorentzat benetako balentria izaten ari den EuskarAbentura espedizio honi eusteko aholkuak eman zizkien. Amaieran galdera-zaparrada galanta jaso zuen mendizale bizkaitarrak!

Uztailaren 6ko (Auritz – Zubiri) argazki-galeria osoa HEMEN

Uztailaren 7ko etapa borobila izan zen, Iruñara eraman baitzuen taldea, San Fermin egun betean. 8:30ak aldera abiatu ziren Zubiritik, ohi baino jendetsuago gainera. Izan ere, hilabete honetarako aurreikusitako lehendabiziko Belaunaldi Arteko Eguna izan zen: 2018ko jzioquitar ‘beteranoek’ aurtengo jzioquitar berriekin etapa oso bat partekatzeko aukera izan zuten: 23 kilometro Nafarroa Garaiko hiribururaino. Sekulako ilusioz egin zuten aurrera karriketan barrena; kantuan, dantzan. Segurtasun-neurri guztiak hartuta sartu ziren hirigunean eta Nafarroa Oinez gunera joan ziren, bazkaltzera. Arratsaldean, leku berean, sekulako gozatua hartu zuten Gauargi erromeriarekin. Dudarik gabe, orain arteko egunik eta osoenetako bat izan zen.

Uztailaren 7ko (Zubiri – Iruña) argazki-galeria osoa HEMEN.

8. etapak Gares zuen helmuga, beste 23 kilometro zangoetan! Paisaia aldaketak xamurtu zuen, hein batean, nekea. Gari-soro eta ekilore artean egin zuen aurrera taldeak Erreniega magalean gora, eta portu gainetik Gares ikusteak ilusioz bete zituen jzioquitarrak. Etaparen bigarren erdia maldan behera egin zuten; Uterga, Muruzabal eta Obanos herriak zeharkatuta iritsi ziren, azkenean, Garesera. Arratsaldean Koldo Colomo bertako euskara teknikariak hartu zituen, eta soziolinguistika saio egokitua egin zuten harekin: euskararen jatorriaz, Nafarroako egungo egoeraz, eta oinarrizko soziolinguistika kontzeptuez.

Uztailaren 8ko (Iruña – Gares) argazki-galeria osoa HEMEN.

Eta Garestik Lizarrara. Erromesen Atea zeharkatuta eta Gares aurtengo Korrikaren abiapuntua izan zela oroitarazten duen lekukoa atzean utzita ekin zioten bideari: beste 23 kilometro. Lainoek ilundu zuten zerua etapa osoan zehar baina, ekaitz solteren bat salbu, lehor antzean joan zen eguna. Uztailaren 9a izan zen, baita ere, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko ‘Boteredunen dinamika’ martxan jartzeko eguna. Masailean bihotz bat marraztuta zeramaten 30 jzioquitarrek ‘ahobizi’ rola hartu zuten (eta horri eutsiko diote aurrerantzean ere) eta, trukean, besarkadak eta musuak eskatzeko pribilegioa irabazi zuten.

Uztailaren 9ko (Gares – Lizarra) argazki-galeria osoa HEMEN

Atzokoa (uztailak 10) izan zen EuskarAbentura 2019 espedizioak Nafarroa Garaian pasatu zuen azken eguna. Etaparen lehendabiziko 19 kilometroak autobusez egin zituzten (Lizarra – Los Arcos), eta beste 19ak oinez (Los Arcos – Viana). Giro sargoria izan zuten, aurreko egunetan pilatutako nekea nabaritu zuten ezinbestean eta, hortaz, gustora hartu zituzten arratsaldeko ur-jolasak. Jarraian, Zurrumurruen Kontrako Estrategiaren bidetik, etorkinen aurkako estereotipo eta aurreiritzi arrazistak deseraikitzeko saioa (bertso-saioa baita ere) egin zuten Ruben Sanchez bertsolariarekin batera.

Uztailaren 10eko (Lizarra – Los Arcos – Viana) argazki-galeria osoa HEMEN.


Datozen lau egunetan Araba zeharkatuko dute EuskarAbenturako neska-mutilek. Honakoak dira begi aurrean dituzten etapak eta hitzordu garrantzitsuenak:

– Uztailak 11: Viana – Donemiliaga Kukula – Gesaltza (Atseden eguna, autobusez)
– Uztailak 12: Gesaltza – Argantzun
– Uztailak 13: Argantzun – Gasteiz
– Uztailak 14: Gasteiz – Araia

 – Yusoko monastegira bisita, Donemiliagako Glosen (euskarazko idatzizko lehen esaldiak; tartean EuskarAbenturaren leloa den ‘Jzioqui dugu!’) erreplika ikustera. (Uztailak 11, Donemiliaga Kukula).
– Gesaltzako gatzagetara bisita eta gaua izar azpian (vivac). (Uztailak 11, Gesaltza).
– Argantzon ikastolara bisita (Uztailak 12, Argantzun).
– Rap, hiphop, breakdance, beatbox eta inprobisazio tailerra Iñaki Viñaspre Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlearen eskutik. (Uztailak 14, Araia).