Bingen Esturo: “EuskarAbentura estimuluz betetako hilabetea da, lasaitasun uneak beste inoiz baino beharrezkoagoak bilakatzen dira”

Bingen Esturo (Deba, 1989) xerpa edo begirale gisa batu zen iazko EuskarAbenturara. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradua osatu zuenez geroztik (eta aldi berean), yogaren zein meditazioaren unibertsorantz zuzendu ditu urratsak. Besteak beste, Indian, Japonian, Italian, Espainia hegoaldean (Granadan, Sevillan) eta, berriki, Marokon jaso nahiz eman du formakuntza, irakasleei irakasten ere aritzen baita. Joan den urteko espedizioan, modu espontaneoan egin zuen aurreneko yoga saioa jzioquitarrekin, eta arrakasta sekulakoa izan zen! Horregatik, aurten ere, uztailaren 26an, Deban, Master Class bat zuzenduko du Santa Katalina ermita inguruko belazean.
Ins @binmovement / Fc @bingenlates / Bilates YouTube kanala

Iazko arrakasta borobila eta ustekabekoa izan zen!
Bai! Aurrenekoa espontaneoki egin genuen, yoga irakastea ez baitzen nire misioa edo helburua iaz… Baina esango nuke, azkenean, orotara, zazpi saio egin genituela, gazteek beraiek eskatuta gainera! Batzuk ordubetekoak izaten ziren, beste batzuk 15-30 minutu bitartekoak, beti ere egitarauak libre uzten zituen tarteen araberakoak.

Nola planteatuko duzu aurtengo Master Classa?
Aurten ez naiz begirale ariko, soilik uztailaren 26an batuko naiz espediziora, nire herrian, Deban. Santa Katalina ermitara igoko gara, eta hantxe egingo dugu, belarretan, esterarik gabe. Leku lasaia da, ikuspegia paregabea da han goitik, meditaziorako aproposa iruditzen zait; ni behintzat oso gustura aritzen naiz han. Ariketa praktikoekin hasiko gara: yogaren oinarrizko zortzi pausoak jorratuko ditugu. Gero, inor behartu gabe, soilik interesa dutenentzat, zati teorikoago bati helduko diot: garrantzitsua baita yogara hurbildu nahi dutenek diziplina honen filosofia modu holistikoan ulertzea eta, esate baterako, sanskritozko izenak euskaraz nola itzuli ditugun aztertzea eta horren kontura hausnarketa bideratzea.

Zeintzuk dira yogak dakartzan onura nabarmenenak?
Galdera horri labur baina ongi erantzutea zaila da. Dena den, onurak lau esparrutan antzeman daitezkeela esango nuke: maila fisikoan, maila mentalean, emozionalean eta espiritualean. Azken honi dagokionez, yoga nork bere burua hobeto ezagutzeko lagungarria da, eta horrek garapen pertsonala bideratzen du. Esparru emozionalean, traumek edota autoestimu arazoek eragindako desorekei aurre egiteko tresna eragingarria da. Hirugarrenik, gure gorputza hobeki ezagutu eta maneiatzeko bidelagun ona da, besteak beste, malgutasuna eta oreka moduko gaitasunak lantzera garamatzalako. Eta, azkenik, aspektu mentalari dagokionez, yogak arnasketaren eta gorputz mugimenduen arteko fusioa ahalbidetzen duenez, estresa kanporatzen nahiz kontzentrazioa areagotzen laguntzen du.


EuskarAbentura espedizioari dagokionez, zehazki, zergatik da ideia ona yoga egitarauan txertatzea?
Estimuluz betetako hilabetea izaten da: gazteek kilometro asko egiten dituzte egunero, tailerrak, mintegiak… gainera, jendez inguratuta dabiltza uneoro. Halakoetan, sentsazio eta sentimenduak oso muturrekoak izaten dira (nekea, poza, haserreak batzuetan…). Horregatik, lasaitasun uneak beste inoiz baino beharrezkoagoak eta garrantzitsuagoak bilakatzen dira; hausnartzeko, bizitzen ari diren guztia liseritzeko, pentsatzeko, etab. Uste dut, neurri handi batean, horregatik egiten zutela hain gustura iaz! Bestalde, jakina, alde fisikoa hor dago. Etapa bakoitzaren amaieran 15 minutuz luzapenak egiteak gihar eta zuntzen erregenerazioa bizkortzen du (siesta batek baino gehiago!), nahiz eta lo egitea izaten den askoren lehen bulkada.

Lehen saioa egin aurretik, nolako irudia zuten jzioquitarrek yogaz?
Askok gauza aspergarritzat zeukaten, jarrera bakar bati denbora luzez eutsi beharko ziotela uste zuten. Baina gazteekin aritzen naizenean beti moldatzen dut metodología, entretenigarriagoa eta dinamikoagoa izan dadin. Marrazkiak eta rolak erabiliz, historiak eraiki eta horiek yoga jarreren bitartez konta ditzatela proposatzen diet, adibidez. Lehenik eta behin diziplina erakargarri eta gozagarri bilakatu behar dugu; onurak gero etorriko dira bere kabuz.

Zertan lagundu dizu zuri yogak?
Arreta nahiz kontzentrazio defizit arazoak izan nituen txikitatik, eta yoga izan da erremediorik onena. Master amaierako lana horren inguruan garatu nuen hain justu, eta sei astez yoga egiteak %98ko hobekuntza dakarrela frogatu nuen.

Eta EuskarAbenturak? Zer irakatsi zizun iaz?
Egunero-egunero Euskal Herriko historiari eta kulturari buruz jaso genuen informazio mordo hura altxor handia izan zen. Ikusi eta zeharkatu genituen paisaia guztiak ere opari ederra izan ziren. Baina, irakaspen nagusia hilabetez 150 lagunekin batera alde batetik bestera elkarbizitzan mugitzea izan zen; nire buruarengan baino gehiago besteengan pentsatzen ikastea.

Atzerrian ibili zara ikasle nahiz irakasle. Baina, Euskal Herrian, non eta zertan zabiltza?
Nire eguneroko praktikarako Donostia erdialdeko 802 estudiora jotzen dut. Horretaz aparte, pilates eta yoga klaseak ematen ditut hiri bereko Guna zentruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude