Euskara, historia, kultura eta musika Gipuzkoan zehar

Azken astean Gipuzkoa aldean ibili da EuskarAbentura espedizioa, Iparraldetik atera eta Bizkaira sartu bitartean. Donejakue Bidea jarraituz, gazteek kostalde osoa ezagutu dute, Irundik Mutrikura; euskara, historia, kultura eta musikaren inguruko edukiak landu dituzte, besteak beste. Abentura bukatzeko astebete baino gutxiago falta da honezkero. Gaur Zestoan Ekainberri bisitatuko dute eta bihar Bizkaian sartuta, Markina-Xemeinera helduko dira. Uztailaren 31n Getxon bukatuko dute abenturako 783 kilometroak osatuta.

Espedizioa astelehenean, uztailak 23, Gipuzkoara itzuli zen Ipar Euskal Herrian asteburu emankorra igaro ondoren. Besteak beste Lapurdiko euskararen egoera eta Eusko euskal monetaren berri izan zuten jzioquitarrek, eta abenturako lehen bainua hartu zuten Miarritzen. Espedizioa Irundik sartu zen Gipuzkoara. Bidasoaren ertzean muga eta kontrabandoaren edukiak landu ziren, Faisaien irlatik (Intzura Handia) oso hurbil; bertan ezarri ziren, hain zuzen ere, XVII. mendean Espainia eta Frantziaren arteko mugak. Mugaren alde batean eta bestean bizi diren lau lagunek argitu zutenez “iraganean mugak eta aduanek limite eta zailtasunak” suposatu zituzten, baina “gaur egun bi aldeen arteko lankidetza sustatzeko aukera” dira, eta euskara, bitartekari garrantzitsua. Herrian antolatutako apar eta ur festan pozarren ibili ziren ostean gazteak. Gauean Asisko Urmeneta ilustratzaileak hirugarren aldiz bisitatu zuen espedizioa, eguna borobiltzeko. Dagoeneko taldeko beste bat da Asisko.

Asteartean, trena hartu eta espedizioa mendebalderantz abiatu zen. Pasaiako badia txalupaz gurutzatu ondoren, Albaola Itsas Kultur Faktoriara iritsi zen XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika nola eraikitzen ari diren ikustera. 

Egitasmo hau, EuskarAbentura bezala, amets batetik abiatu eta denborarekin errealitate bihurtu da. Xabier Agote sustatzaileak esan bezala “Albaolak eta EuskarAbenturak bat egiten dute oinarrian, herrigintzatik sortu dira”. Arratsaldean Donostiara iritsi zen taldea. Gauean Skakeitan  taldeko Pello Armendariz abeslariak arreta handia bereganatu zuen bere kantu eta istorioekin: “Musikari gazteak behar ditugu eta, gogorra bada ere, musikan aritzera animatzen zaituztet” bota zien gazteei.

Asteazkenean, Eneko Goia Donostiako alkateak udaletxean harrera egin eta gosaltzera gonbidatu zuen taldea. Igeldotik gora hartu eta hainbat aldaparen bueltan Oriora heldu ziren bazkaltzera, ostean Zarautzera heltzeko. Bertan egitasmoaren babesle diren bi erakundetako ordezkariak etorri ziren, Topaguneko Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra, eta Agirre Lehendakaria Centerreko Paul Rios. Lehenengoak Euskaraldian abiatuko den ahobizi eta belarriprest dinamikan parte hartzera animatu zituen gazteak, espedizioan zehar praktikan jarritako ildoari jarraiki. Bigarrena euskal gizartea azken hamarkadetan nola aldatu den eta hurrengo urteetako erronkei buruz aritu zitzaien.

Osteguneko lehen geldialdia Getarian izan zen Mundubira 500: Elkano Fundazioaren eskutik Xabier Agoteren hitzak entzuteko. “Orain dela mende batzuk munduko itsas teknologia aurreratuena Euskal Herrian zegoen, hemen egiten ziren mundua zeharkatzen zuten itsasontziak; herri handia ginen eta ez gara horren jabe, ematen du ahaztu zaigula”, adierazi zuen Agotek. Taldea Zumaiara abiatu zen ondoren, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko. Mutriku eta Zumaia arteko kostako 14 kilometrotako flysch-etan, lurraren 60 milioi urte laburbiltzen direla ikasi zuten jzioquitarrek eta kezkaz jaso zuten zientzialari batzuen ustez, historiaren seigarren desagertzearen aurrean gaudela; urtero 30.000 espezie desagertzen dira honezkero.

EuskarAbenturan parte hartzen ari diren Zumaiako Oikia auzoko Bertol eta Eire euskararen inguruko hausnarketa interesgarria egin zuten euren herritik igarotzean. Bertolen hitzetan, “guk etxean euskaraz egiten dugu eta eroso bizi gara; beste lekutako hainbat lagun, ordea, ez”. Eire espedizioak euskararekiko hartutako konpromisoaz mintzatu zen “Hemen egoteak kontzientzia piztu digu, ezagutzak gora egin duelako baina erabileran oraindik egiteko asko dugulako”. Pantxika tuterarra espedizioko helburua ere baden saretzeaz aritu zen bidean “EuskarAbenturari esker orain Lantziegon (Arabako Errioxan) eta beste leku askotan lagunak izango ditut”. Gazte askok argi dute “ibilitako kilometroek batu dutena ez dutela distantzia kilometroek banatuko”. Gehiengoak aitortu duenez ez dute espedizioa bukatzea nahi, baina soilik bost egun falta direla jakitun dira, beraz badaezpada etorkizunean xerpa (begirale) bezala parte hartzeko proposamena dute buruan.

Honezkero espedizioa azken txanpara heltzen ari da. Gaur Zestoan UNESCOk izendatutako Gizateriaren Ondarea den Ekainberri koba bisitatuko dute eta Itziarrera bueltatuko dira lotara. Bihar, Mutriku igarota Gipuzkoa atzean utzi eta Bizkaian sartuko dira Markina-Xemeineraino. Herri honetan, azken soziolinguistika hitzaldia jasoko dute dute Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguezen eskutik, euskarak Bizkaian bizi duen egoera ezagutzeko. Hurrengo egunetan Omako Basoa, Santimamiñe, Gernika eta Bilbotik pasa ondoren, uztailaren 31ko goizean Getxora helduko da EuskarAbentura. 10:30ak aldera espedizioak Bizkaia Zubia zeharkatuko du eta 12:30ean amaiera ekitaldia izango da Andres Isasi Musika Eskolan.

Erantzun