Nafarroa zeharkatuta, Araban lau eguneko bidea aurretik

Nafarroan 8 egun igaro ostean eta orotara 182 km ibilita sartuko da EuskarAbentura espedizioa Araban, Añana-Gesaltzatik. Lehenago, Donemiliaga Kukulan – Errioxa- euskarazko glosak ezagutuko dituzte jzioquitarrek (parte hartzaileek). Trebiñu zeharkatuta espedizioa larunbat eguerdian sartuko da Gasteizera. Igandean trenez helduko da Agurainera.

Auritzen bi gau eman eta alkatearen esker onak jaso ostean, berrindartuta heldu zen Euskarabentura Zubirira, uztailaren 6an. Ibaian bainua hartu eta kuluxka egin ostean Joritz Segurola xerparekin (begiralearekin) bidean ez galtzeko orientazio ikastaroa egin zuten gazteek.

Larunbatean, egutegian gorriz (eta zuriz) markatutako unea heldu zen: Iruñean San Ferminak ospatzea! Gora Iruñeako lagunekin herri-olinpiadei hasiera eman zieten gazteek Recoletas plazan. Bapateko ekaitzak ez zuen plana zapuztu eta euritan dantzan aritu ziren jzioquitarrak, zumban lehenik eta Nafarroa Oinezeko erromerian ostean. Iruñeko Udaletxeko Ana Goya Komunitate Garapenerako Zuzendariak eta Inma Errea Euskara Zerbitzu Buruak ez zuten arazorik izan euripean taldea agurtzeko. Inguruko hainbat gaztek aitortu zutenez arraroa egin zitzaien etxean “kanpotar” bezala egon izana eta batek baino gehiagok elastiko laranja zuriarengatik ordezterik zuen galdetu zuen. Anekdotetatik harago, Euskarabenturak aise gainditu zuen erronka eta askorentzako lehen San Ferminak izandakoak betirako oroitzapen kolektibo ederra izango da!

Igandean ohi baino beranduago abiatu zen taldea Garesera, jaikitzea kostata. Etaparen 25 km luzeen ondorioak arintze aldera masaje tailerra egin zen bazkal ostean. Arratsaldearen azken orduan Koldo Colomo Gareseko euskara teknikariak pozik hartu zituen gazteak. Euskarak egun Nafarroan bizi duen egoera azaltzearekin batera hemendik 15 urtetara euskara normalizatua duen Nafarroa irudikatzeko eskatu zien, horretarako gakoen inguruan hausnartzera bideratuz; beharra, sentsibilizazioa, ofizialtasuna… izan ziren hitz errepikatuenak.

Ibilbidean zehar taldeko 140 lagunak ahalik eta modurik antolatuenean joateko, hiru talde osatu dira: Trikuen taldean babaren edota minen bat dutenak doaz, erritmo motelagoan, eta lehenak irteten dira goizean. Katagorriak, aldiz, 20 minutu beranduago abiatzen dira, eta azkenik, erbien taldea doa, azkarrago ibiltzeko gai direnekin. Barakaldoko Enara Herranz gaztearen ustez “antolaketa honekin gure erritmo berean doazen lagunekin goaz eta erosoagoa da”. Era honetan, helmugara tarte txikiarekin heltzen da espedizio osoa. Bestalde egun hauetako beroari aurre egiteko esnatzeko ordua aurreratzea erabaki du antolakuntzak. Lizarrarainoko etapan beraz, musikak goizeko 6.30ean esnatu zuen espedizioa, aurretik zituzten 22 km-ak ahalik eta lasterren betetzeko helburuz. Haizea getxotarraren eta Irantzu arteagarraren esanetan “beroa da bidelagunik gaiztoena; eguzkiak gogor jotzen du goizeko 09:30etik aurrera. Berbetan bazoaz laburrago egiten da, baina azken 5-7 km-ak gogorrak izaten dira”. Ega ibaian beroa arinduta, Karlismoaren museoan bisita gidatua egin zuten taldeka. Asisko Urmenetaren bigarren bisita jaso zuten ostean. Asiskok guda karlistetan parte hartu zuen Agusti Xaho Zuberoako semea aurkeztu zien gazteei; besteak beste, berari zor dizkiogu Aitor (aita oro) eta Amagoia (ama goikoa) izenak. Gaueko izarra “Pasta-posta” izan zen. Askotariko mezuak biltzen ditu espedizioko postontziak, eta gazteak Ane Arsuaga xerpak noiz irakurriko zain egoten dira; gazteen arteko zein xerpei luzatutako mezuak dira nagus: amodio kontuak, bizipenak, eskerrak… baita eskaera zuzenak ere: ”Antolakuntzarentzako mezua: oheak behar ditugu urgente!”.

Uztailaren 10ean goizean goiz irten ziren Urantzirako bidean. Iratxeko Monastegia eta ardo iturria atzean utzita, erritmo polita hartu eta orain arteko markarik onena lortu zuen taldeak: eguerdiko 13.30ean heldu ziren azken erbiak Los Arcoseko igerilekura. Arratsaldean, Patri Espinar pilotariak euskal pilotaren munduan emakumeen errealitateaz mintzatu eta pilota partidua bideratu zuen, herriko frontoian.

Gaur, uztailak 12, EuskarAbenturara Errioxara egingo du salto, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Susoko Monastegiak eta bertako glosak ezagutzeko, euskaraz idatzitako lehenak. Espedizioari abizena ematen dion Jzioqui dugu horietako bat da, hain zuzen ere. Eguerdian EuskarAbentura Arabara sartuko da, Añanatik. Gatz Harana bisitatu ostean, eguraldiak bermatuz gero vivac-a egingo da igerilekuetan, gauean.

Bihar Argantzunen, bertako Ikastolako kideen eskutik Ikastolen errealitateaz jabetuko dira gazteak, baita Arabako errealitate soziolinguistikoaz ere. Hiriburura larunbatean helduko da espedizioa; Manu Bendala eta Aroa Arrizubieta bertsolariek emango dute ezagutzera Gasteiz, bisita ibiltari baten bitartez. Igandea Agurainen emango dute, Iñaki Viñaspre bertsolaria, Badaiotz emakumezkoen sokatira taldeko bi kide eta Lautadako Euskaraldiko kideak bidaide. Izan ere, EuskarAbenturaren helburu nagusietako bat gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da. Honezkero Euskaraldiaren testuinguruko ahobizien dinamika garatzeko proposamena luzatu zaie gazteei. Begi honez ikusi dute talde guztietan, eta euskaraz 24 orduz aritzeko konpromisoa hartu dute askok. Ahobiziak identifikatzeko lepokoak daramatzate soinean, eta taldeka erabakitako maiztasunarekin lepokoak aldatzeko aukera dute gazteek. Askok hilabete osoan ahobizi izateko hautua hartu dute hasieratik.

Erantzun