2019ko urriaren 17 eta 18an Vigon izandako NEOS sinposioan (“De neofalante potencial a falante activa dunha lingua minorizada”) hartu genuen parte.

EuskarAbenturako orain arteko bi espedizioetan (2018 eta 2019) xerpa lanetan aritutako Izaro Arrutik “Hizkuntza jarrerak eta praktikak gazte euskaldunen artean: Hizkuntza-muden ikerketa kualitatiboa EuskarAbentura espedizioan” izeneko lana aurkeztu zuen bertan.

EuskarAbentura elkarteak lehen espedizioan (2018an) egindako neurketen osagarri interesgarria da ikerlan hau. Momentuan elkartea 2019ko espedizioaren datuak lantzen dihardu. Laster emango ditu argitara.

Bere lana bideratzeko, Arrutik 2018ko espedizioan parte hartutako hainbat gazte elkarrizketatu zituen. Jasotako erantzunekin espedizioak hizkuntza-jarreretan duen eraginaren azterketa kualitatiboa egin zuen.

Abiapuntu gisa, Arrutiren lanak EuskarAbentura elkarteak egindako lanketaren ondorioak baieztatzen ditu:

  • Parte-hartzaileek euskara gehiago hitz egiten dute espedizioaren ondoren
  • Euskal hiztunen sare zabalagoa dute
  • Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko ezagutza altuagoa dute
  • EuskarAbenturak transmititu nahi dituen baloreak landu eta bereganatu dituzte: genero berdintasuna, zaborraren kudeaketa, bizimodu osasuntsua, autonomia, bizikidetza edota turismo jasangarria, besteak beste.

Horrez gain, bestelako ondorio hauek ere aurkezten ditu:

  • Euskararen ezagutza maila baxuagoa duten eta gune erdaldunagoetatik datozen EuskarAbenturako partaideek, zailtasunak dituztela onartzen dute, espedizioan zehar bereganatu dituzten ohitura linguistikoak (euskara egunerokotasunean erabiltzea) espedizioaren ondoren, beraien herrietan eta ingurukoekin, mantentzeko. Halere, bereziki baikorrak dira beraien testigantzak. Halaber, EuskarAbenturari esker landutako euskararekiko lotura emozionalak, zein hizkuntzaren egoeraren inguruko ezagutzak, euskararen aldeko hizkuntza-mudak ​ gauzatzera animatu dituzte ​ ekintza sinpleen bidez. Bereganatu dituzten ohitura linguistiko berriak, txikiak badira ere, esanguratsuak eta ahalduntzaileak direla esan daiteke: txakurrari euskaraz egitea, Instagrameko profilean euskaraz idaztea edo mugikorreko hizkuntza euskaraz ipintzea esaterako. Partaide askorentzat, EuskarAbentura hilabete oso batean euskaraz “bizitzeko” izan duten lehen aukera izan da, horrela, dagoeneko euskaldun aktiboak diren gazteekin espazio berbera partekatuz. Hots, EuskarAbentura konfiantzazko espazio linguistiko segurutzat dute. Hasierako aurreiritziak eta gorabeherak alde batera uzteko, espedizioa 11 partaideko talde txikietan (estrategikoki, linguistikoki talde heterogeneoak sortzeko ideiarekin) banatzearekin batera, euskaraz aritzeko ohitura gutxiago zutenak errazago animatu dira euskaraz hitz egitera. Elkarrizketatutako partaideek diotenez, beraiek eta ingurukoek EuskarAbenturako partaide bezala identifikatze hutsak, zer esanik ez EuskarAbenturako kamiseta soinean eramateak, euskararen erabilerarekiko erantzukizuna eta harrotasuna transmititzen diete. Baita euskaldun hizlari legitimoago izatearen sentsazioa ere. Behin partaideen eta euskararen arteko lotura hori jendarteratzen denean (EuskarAbenturako kamiseta jantziaz edo beraien parte hartzearen berri emanaz sare sozialetan, adibidez) ingurukoak ez dira harritzen jzioquitarrek (EuskarAbenturako partaideak) lehen hitza euskaraz egitean. Era berean, ingurukoek ere errazago zuzenduko diete lehen hitza euskaraz. Espedizioaren ondoren, EuskarAbenturako gazte hauek erraztasun handiagoarekin ikusten dute beraien burua euskaldun hizlari legitimo modura. Gehiengoek euskara maila hobetu dute, euskalki berriak zein eskolatik kanpo euskara erabiltzeko erregistro informalagoak ezagutu dituzte, euskara batuaren inguruko aurreiritziak apurtu dituzte, eta beraz, hizkuntzaren baitako aniztasun linguistikoaren aldeko ikuspegi zabalagoa bereganatu dute.
  • EuskarAbenturako gazte askok, espedizioari esker ezagutu dituzte euskara eta euskal kultura bultzatzeko antolatzen diren zenbait ekimen: Durangoko azoka, Euskaraldia, Mintzalagun programa, pastoralak… Hori posible izan da, batetik, dagoeneko ekimen hauek ezagutzen zituzten gazteekin egindako hartu-emanen bitartez; eta bestetik ekimen hauen atzean dauden antolatzaile edo partaideen bitartez, EuskarAbenturak antolatutako solasaldietan. Gainera, euskaraz hitz egiteko ohitura gutxiago zuten partaideen elkarrizketetan, nabarmena da espedizioak sortu dien gogoa eta erantzunkizun sentimendua Euskaraldian parte hartzeko, adibidez, edota euskal musika taldeak entzuteko.
  • Espedizioaren alderdi abenturazale eta nomadak EuskarAbenturako partaideen artean harreman sendoak sortu ditu. Halaber, harreman horiek espediziotik at denbora luzez iraun lezakeen gazte euskaldunen sarea posible egiten dute. Izan ere, harreman hauetan euskararen erabilera zerbait “normala” eta “naturala” bezala ulertzen da. Elkarrizketatuen testigantzetan askok aipatzen dute “betirako” lagunak egin dituztela EuskarAbenturan. Diotenez, espedizioan egunero 15-25 km oinez egiteak eta bizimodu sedentariotik aldentzeak harremanak egiteko modu “errealago” bat eskaini die. Gainera, espedizioaren ondoren EuskarAbenturak modu ofizialean, zein partaideek beraien artean “inprobisaturik” antolatutako topaketek (mendi txangoak, euskal selekzioaren partidua edota Durangoko azokara bisita) espedizioan sortutako harreman euskaldunak mantentzea laguntzen dietela aipatzen dute. EuskarAbenturako parte-hartzaileak gai dira espedizioan zehar,nahiz espedizioaren ondoren, beraien herrietan ingurukoen hizkuntza ohiturak zein ohitura sozialak definitu, mantendu eta aldatzeko. Elkarrizketatuen artean, bada kuadrillako edo ikastetxeko irakasleen hizkuntza ohituretan eragin duela uste duenik. Baita etxean birziklatzeko edo aisialdia lagunekin mendira joatea bezalako ohitura osasuntsuak bereganatu dituenik ere.
  • Amaitzeko, EuskarAbentura espedizioko partaideak, espedizioak berak landu eta defendatu dituen baloreekin bat datozen nazio mailako, zein maila internazionaleko mugimendu sozialekin bat egitera animatzen dira. Adibidez, EuskarAbenturan zaborraren kudeaketa egokia egiteko kontzientziazioak partaide batzuengan eragina izan du. Esaterako, hainbat elkarrizketatuk klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa adierazi dute; ​Fridayforfuture mugimenduaren ekintza ezberdinetan parte hartu dute espedizioaren ondoren. Horrez gain, beste partaide batzuk, hurrengo udaran genero berdintasunaren inguruko proiektuak lantzen dituen auzolandegian boluntariotza egitea erabaki dute.

Orokorrean, Arrutiren lanak, hizkuntza-mudak eremu eta giro sozial ezberdinen artean gertatzeaz gain (eskolan VS eskolatik kanpo: gaztetxeetan, edo jai batzordeko taldeetan, adibidez) bizitzako etapa ezberdinen artean ere ematen direla ere defendatzen du (ikasketa berrien hasiera edo, kasu honetan, EuskarAbentura espedizioa gauzatzea). Bertan subjektuak pribilegio zein erantzukizun berriak bereganatzen ditu. Izan ere, euskarak, instrukziorako eta inposatutako hizkuntza izateari uzten dionean eta aisialdiko espedizio abenturazale batean parte hartzeko tresna bezala aurkezten denean, euskararen aldeko hizkuntza-mudak errazago gauzatzen dira.

Beraz, EuskarAbentura “euskaldun ikasle gazteen” eta “euskaldun hizlari gazteen” arteko trantsizioa gauzatzen laguntzen duen diziplina anitzeko proiektu berritzaile eta eraginkorra dela esan daiteke.

  • Hizkuntza jarrerak eta praktikak gazte euskaldunen artean: Hizkuntza-muden ikerketa kualitatiboa EuskarAbentura espedizioan”  iker-lanaren laburpena: hemen
  • Hizkuntza jarrerak eta praktikak gazte euskaldunen artean: Hizkuntza-muden ikerketa kualitatiboa EuskarAbentura espedizioan”  ikerlan originala: hemen