Elur Arrieta (Elgoibar, 1983) goi mailako perkusio interprete lizentziaduna da (Musikene), eta ibilbide aberatsa egiten ari da batez ere herri musikaren, jazzaren eta inprobisazioaren inguruan. Leioako Kontserbatorioko irakaslea da, Ensemble Kuraiako partaide, eta MUSBIKA musika konpainiako sortzaile eta kide. Horrez gain, Euskadiko, Bilboko eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoekin egiten ditu kolaborazioak. EuskarAbentura 2019 espedizioaren azken aurreko egunean, Bilbon, ekintza indartsua gidatuko du.

Ze proposamen dakarzu EuskarAbentura espedizioaren amaiera bezperarako?
Body percussion performance bat egingo dugu. Gorputzekin musika sortuko dugu eta, kalean ariko garenez eta talde handia izango garenez, hasieratik pentsatu nuen koreografia modura ere planteatu behar genuela eta musika ekitaldiari mugimendua gehitu.

Gorputz-atalekin ez ezik, beste instrumentu batzuekin ere eratuko dituzue melodiak, ezta?
Bai. Ibilbidean zehar sortutako hondakinak berrerabiltzen saiatuko gara, horrek musikaren tinbrea asko aberastuko baitu, eta bolumena ere igoko du. Nagusiki ontziak erabiliko ditugu: handienek, bidoiek, potentzia ekarriko dute. Beirazko botilek, latek, ontzi txikiagoek… osatuko dute soinua.

Indartsu bukatuko dute jzioquitarrek abentura!
Iruditzen zait hilabeteko halako esperientzia bizi-bizi baten ostean gazteek asko izango dutela adierazteko eta, hortaz, zarata egitera goaz, zarata zentzu positiboan ulertuta noski! Euforia sentituko dute alde batetik, baina malenkonia ere bai, amaieraren atarian egongo direlako… horrelako emozioak azaleratu eta kanalizatzeko tresna ezinhobea da musika.

Eta zer nolako emozioak iradokitzen dizkizu zuri EuskarAbentura egitasmoak?
Ruta Quetzal delako hura beti iruditu zitzaidan ekimen eta esperientzia itzela. Horregatik, horren euskal bertsio bat existitzen zela jakin nuenean… pff! Sekulako poza eta inbidia sentitu nituen! Nik neuk 16-17 urterekin halako aukera bat eduki izan banu, inongo zalantzarik gabe parte hartuko nukeen. Urrutiko baina era berean antzeko neska-mutilak ezagutu ahal izatea, guztion gogoko ekintzak elkarrekin bizitzea… errez enpatiza dezaket horrelako zerbaitekin!

Body percussion performancea azken emaitza izango da baina, kontaidazu, zer landu nahi duzu honen prestaketaren bitartez?
Alde batetik, eta nagusiki, sormena. Nik ideia batzuk luzatuko dizkiet, eta irizpide edo jarraibide batzuk proposatuko ditut, baina eurek euren kasara sor dezaten marjen handia uzteko asmoa dut. Ikerketa zientifiko ezberdinek musika sorkuntzaren onurak frogatu dituzte, burmuinaren bi hemisferioak, emozionala nahiz arrazionala, aktibatzen dituelako eta hori bikaina delako osasun mentalerako. Era berean, adierazkortasuna landuko dugu: nork bere emozioak sorkuntza horretan isurtzeko gaitasuna; eta ez norabide horretan bakarrik. Izan ere, batzuek sortuko dutena beste batzuek jasoko dute, eta feedback hori interesgarria izango da. Azkenik, talde-lanean ere trebatuko dira, batzuen eta besteen proposamenak bateratu eta akordioetara iristeko gai izan beharko dutelako.

Eta zuk? Zer ikasiko duzu?
Ba, begira. Orain gutxi gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Musicosalpoder.com izeneko webgunea jarri dut martxan eta, besteak beste, mindfullnessa ardatz duten tailerrak eskaintzen ditut musikarientzako. Nerabeekin halako saio bat egin berri dut eta, uste nuenaren kontra, sekulako heldutasuna erakutsi didate. Ni beldur nintzen kontzeptu sakonegien inguruan ariko ote ginen, baina oker nebilen. Esperientzia oso positiboa izan zen eta ikasi nuen sentipenek ez dutela ez adinik ezta mugarik ere. Hortaz, EuskarAbenturako gazteekin ere antzeko zerbait biziko dudala pentsatzen dut: hilabetez metatutako emozioak saio horretan irauliko dituzte eta eurek markatuko dute erritmoa.

Nola artikulatzen dituzu mindfullnessa eta musika?
Ni behar pertsonalengatik hurbildu nintzen diziplina honetara. Garai hartan sentitzen nuen ez nuela nire bizitzaren gaineko kontrolik, ez nuela egiten nuen gauzen inguruan hausnartzeko tarterik, ez nituela sentitzen, ez nekiela benetan asetuta ote nengoen. Mindfullnessak zentzumenetara hurbiltzen lagundu dit, eta burua entrenatzen eguneroko kezkek ez dezaten nire arretaren %100 berenganatu edo desbideratu. Orain eta hemen bizitzen saiatzen naiz, eta sormenarekin emozionatzen.

Musika hori baita, emozioa…
Bai, sentitzea eta hori transmititzea. Baina musikariok kezka ekonomikoek itota bizi gara, hilabete amaierara heltzeko sortzera behartuta, eta egiten ez dugun guztiagatik gure buruak epaitzen gainera. Tira, ba hau dena landu daiteke, distrakzioak identifikatzen ikas dezakegu, kudeatzen, arreta zentratzen, gure buruarekin goxoagoak izaten.

Ze beste misio aitortu diozu zure blogari?
Musikariei zuzenduriko webgunea da, baina kontu extramusikalak jorratzen ditut bertan. Batez ere sektoreko profesionalen bizitza-kalitatea hobetzeko bideez aritzen naiz, eta hainbat adituri ematen diet hitza. Esate baterako, jakintza ekonomikoaren inguruan ezjakintasun handia dagoela nabari dut: gizarte segurantzarekin dugun harremana, ogasunarekin, dossierrak nola erredaktatu… eta abar. Garapen pertsonala ere garrantzitsua da bizitza-kalitatea hobetzeko, eta musikarion bizitza bereziki gorabeheratsua da; arrakastaldiak eta beheraldiak kudeatzen jakitea, instrumentuarekin bakardadean pasatzen ditugun ordu guztiak, beste talde edo musikari batzuekin dugun harremana, taldekideen arteko harremana… asko dugu lantzeko.