Kostako Donejakue bidea hartu du jada EuskarAbentura 2019 espedizioak.
Lezon itzartu dira goizean goiz eta handik, bidegorria hartuta, Pasai Donibaneraino heldu dira. Batelez gurutzatu dute badiaren beste aldera, Pasai San Pedrora, Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko. Euskal baleazaleen historiaren berri jaso dute eta XVI. mendeko San Juan baleaontziaren erreplikaren eraikuntza-prozesua bertatik bertara ikusi ahal izan dute.
Donostirantz abiatu dira gero, Ulia mendian barrena, eta Zurriola hondartzan bainu freskagarria hartu dute egun sargoria izan baita gaurkoa!
Arratsaldeko jarduera gisa, feminismoari buruzko mintegi bat izan dute. Lau taldetan banatuta, solaskide ezberdinekin aritu dira hainbat gai jorratzen: Lorea Agirrerekin  feminismoaz eta euskaltzaletasunaz aritzeko; Isortze Formoso (Barruak proiektua), autodefentsa feministan sakontzeko; Juanma Rodriguez (Zipriztintzen taldea), gizonen desahalduntzeaz jarduteko; eta Jaizkibel konpainiako Elisabet Olaskoaga eta Amets Mariscal  alardeen auzia gertuagotik ezagutzeko.

  • Argazkiak: Mirian Alonso