Eta Gipuzkoan da berriz EuskarAbentura 2019 espedizioa! Baina, oraingo honetan, itsasotik gertu. Izan ere, Kostaldeko Donejakue bidea jarraituz egingo du aurrera jzioquitar taldeak abenturaren azken txanpan. Gaurkoan, Bernat Etxepare Lizeoko lagunek gaua pasatzeko instalazioak utzi eta trenez (TGVa lehenik, eta ‘topo’a gero) egin dute Baiona – Hendaia – Orereta zatia. Ondoren, oinez, Lezoraino heldu dira. Egun lasaia izan da: arratsaldez, euskaldundu diren hainbat gazte atzerritarrekin solastu eta ideiak trukatzeko aukera izan dute: zergatik, noiz, nolatan… hurbildu ziren gure hizkuntzara? Jatorri espainiar, txiletar, tupi guaraniar, txinatar eta alemaniarreko solaskide banarekin aritu dira taldeka.
Gaurkoa borobiltzeko, Laura Vela (Basauri, 1992) UPV-EHUko irakasle, doktoregai eta unibertsitate horretako Hitt Linguistics taldeko hizkuntza ikerlariak ‘Hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasuna’ hitzaldi interaktiboa egin du.