Kostako bidea hartuta espedizioaren azken herenari ekin dio Euskarabenturako
Baztan aldean bisita azkarra eginda, Baiona eta Urruñatik hasita Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko dugu datozen egunetan espedizioak. Azken 100 km hauetan, ekimen zein harrera instituzional anitz izango ditugu Jzioquitarrok.
Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa, hiru herrialde ukitu ditugu bost egunetan. Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña eta Donostia, horiek izan ditugu geltoki. 70 km gehiago gure oinetan, eta burua zein bihotza, proiektu eta ideia berriz beteak. Amaia Nausiarekin sorginen gainean aritu ginen, eraikitako irudiaz eta emakumeek bizi izandako errepresioaz; Asisko Urmenetarekin Nafar erresumaren benetako historia ezagutu genuen Amaiurrren, Zizpa gaztetxean RTZ kolektiboaren kontzertu txikiaz disfrutatu eta Viñasprerekin hasitako inprobisazio ariketarekin jarraitu genuen, Bernat Etxepare Lizeoan, berriz, Punttu Kakotx taldearen kontzertuarekin “Basoa beti bete” ozen kantatu genuen eta Urruñako zineman Bizkarsoro pelikula ikusi.
Gaur Donostiara heldu gara eta lehen gauza Zurriolako hondartzan bainua hartzea izan da. Gozatu ederra gazteena, izan ere, atzoko eguraldiaren ondorioz, Lapurdiko hondartzak itxita, ezin izan genuen bainuaz disfrutatu. Gaur, ordea, bai. Lehen hondartza bainua espedizioan. Arratsaldean dinamika batzuk egin eta gauean Roller Derbya azaltzera etorriko da Donostiako Easo Avengers taldeko kideak.
Bihar, uztailaren 23an izango da Donostian, goizeko 9:00etan Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera eta gosaria eskainiko digute udaletxean. Etzi, Zarautzen, Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak harrera egingo diote espedizioari.