231km eginda, tartean etaparik luzeenak eta Zeraineko herritarrek antolatutako afari herrikoiarekin indarrak hartuta, espedizioaren bigarren zatiari ekin dio EuskarAbenturak Gipuzkoan barrena.
Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain eta Tolosa. Hauek izan dira azken egunetako gure helmugak, urratsez urrats gaindituak. Horien artean, gainera, Izarra aurtengo helmuga berria izan da. Otogoienetik Ganaltoko Gurutzeko gailurra egin genuen eta bertatik Izarrara. Etapa polita. Aurrekoetan bezala edukiz gainezka egin dute egunek: Errekaleorreko bisita gidatua, AfroDance ikastaroa gorputz guztia ondo mugitzeko, Lur Errekondo eta Oihana Fernandez de Barrena harri jasotzaile eta aizkolarien gogoetan eta indarra, Aroa Arrizubieta eta Samu Rodriguezen bertso saioa, Viñasprerekin inprobisazio ariketa, Duplako kideen bisita sorpresa, edo eta familien bisita.
Uztailaren 15a egun berezia izan zen zalantza gabe, espedizioaren erdia. Jzioquitarrak San Adrianera, euripean igotzen ziren bitartean, Zeraingo herritarrak goizean goizetik aterpean bildu baitziren afaria prestatzeko: pasta entsalada, patata tortila, oilasko-hegalak, gazta, segurako txorizoa… Mahaiarekin eta aulkian eserita jatearen plazer txikiak! Espedizioan erdia ospatu eta aurrera jarraitzeko hauspoa izan zen, eta bihotzez eskertzen diogu Zeraingo herriari!
Atzo Tolosara heldu ginenean harrera egin zigun udalak, Andu Martinez de Rituerto alkateak gazteei agur egin eta Tolosak eskaintzen duena aurkeztu zien. Gaur etaparik gabeko eguna dugunez, Tolosan geldituko gara, besteak beste Geruzak proiektua ezagutzen, Iñaki Artola pelotariarekin kirolaren etorkizunaz hausnartzen eta “Osasun sexuala eta erreprodukzioa” tailerrarekin ikasten. Biharko egunez Oiartzunera autobusez joango gara eta bertan etapa abiatu Lesakara; Nafarroa iparraldea ezagutzera. Egunez eguneko urratsen berri izan nahi baduzu, jarraitu EuskarAbentura sare sozialetan, eta noski, partekatu!