Gipuzkoako hiriburutik, hilaren 25ean, sekulako energia dosia hartuta abiatu ziren jzioquitarrak, Donostiako Udalak hirugarren urtez gosari oparoa eman baitzien udaletxean. Eneko Goia alkatea bertaratu zen, baita Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria ere; “Zuek izango zarete euskararen etorkizuneko eragileak”, esan zien azken honek. Igeldo mendia alderik alde zeharkatu, Orio atzean utzi eta bazkalordurako ailegatu zen EuskarAbentura taldea Zarautzera. Hondartzan bainua hartu eta autobusez mugitu ziren Zestoara.

Uztailaren 26an Ekainberri ezagutu eta historiaurreko bizimoldera hurbiltzeko aukera izan zuten gazte espediziokideek. Eta handik, egun berean, Getaria aldera egin zuten.

Getariatik Debara. Etapa luze (22km), maldatsu eta ederra izan zen uztailaren 27koa. Txakoliñaren eta Flyscharen lurraldean barrena gora eta behera mugitu baitziren abenturazale ibiltariak. Getaria eta Zumaia arteko distantzia osatu zuten lehenik, kresal-usainarekin eta mahasti-paisaiarekin gozatuz. Hala, Euskal Kostaldeko Geoparkeko ekialdeko muturrera iritsi ziren, eta itsasertzeko xendra jarraituz gozatu zuten milioika urteko historiaren lekukotzaz itsasoa eta lurra elkartzen diren bazter eder horretan. Arratsaldeko 16:00ak aldera heldu ziren Debara, eta hondartzan bainu bat hartzeko aukera izan zuten. Autobusak Kortezubira eraman zituen gero eta, beraz, Bizkaiara sartu ziren egunaren azken hondarretan.

UZTAILAK 28: KORTEZUBI – SUKARRIETA

 Kortezubitik abiatu dira espediziokideak. Santimamiñeko kobatik pasatu eta, handik gora, Ereñozar tontorrera igo dira lehenik. Hamaiketakoa eginda, Ibarrangeluko Tremoia auzorantz zuzendu dituzte pausoak, eta San Pedro Atxarre baselizara ere heldu dira. Urdaibai paduraren ikuspegi zoragarriarekin gozatu eta, berriz ere behera egin dute, Laidaraino. Gazte espediziokideek txalupaz zeharkatu dute beste ertzera, eta hala heldu dira San Antonio parkera, bertan bazkaltzeko.

 

BBK Klima

Busturian, BBK Klima Abentura Parke Esperientzialaren atarian, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak egin die harrera EuskarAbentura 2022 espedizioko kideei. Sarasolak gazteei azaldu dienez, “Klima Abenturak kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta bizimodu jasangarriak sustatu gura ditu. Klima-aldaketaren aurka jarduera global bat modu ludikoan bultzatzeko jarduerak eskaintzen dituen lehen esperientzia-parkea eta ingurumen-hezkuntzako zentroa da”.

Harreraren ostean, hainbat taldetan banatuta, gazteek parkeak dituen hiru erronkei aurre egin diete: ura (urak bizitzaren zikloan duen garrantzia azpimarratzen da, eta berarekin energia berriztagarriak sortzeko aukera), energia-mugikortasuna (parte-hartzaileek energia berriztagarriei, energia-xahuketa saihesteari eta hiri-garraioa balioan jartzea bilatzen da) eta janaria (elikagaien, horien ekoizpenaren eta ekosisteman duten eraginaren ingurukoa da). Guztira, BBK Klima Abenturako 14 jarduerez gozatu ahal izan dute: scape room, arboretum, tirolina, domo 360º, intsektu-hotela, anfiteatroa, bizikleta elektrikoak, energia berriztagarrien hainbat instalazio, etab.

Arratsaldearen amaieran, trena hartuta, Gernikara iritsi dira espediziokideak. Salazar Allende ikastetxean pasatuko dute gaua, eta biharko eguna ere Gernikan bertan emango dute.

 

EuskarAbentura 2022 espedizioak Bizkaian emango dituen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak honakoak dira:

  • Uztailak 29: Gernikan. Goizean goiz, Kosnoaga gainera igoera (azken tontor honetatik ematen baitzuten abisua, gerra garaian, itsas aldetik hegazkinak Gernikarantz zetozenean), eta bonbardaketari buruzko txango tematikoa. Gernikako Batzar Etxera bisita. Eskupilota nahiz pala tailerra Olatz Arrizabalaga eta Amaia Alday jokalarien eskutik (Emakume Master Cup).

  • Uztailak 30: Gernika – Bilbo, autobusez. BBK Kuna Gizarte Berrikuntzaren Gunean harrera. San Mames futbol zelaira bisita eta Athletic Fundazioaren Genuine taldeko Josu Uriguen jokalariarekin solasaldia.

  • Uztailak 31: Bilbo – Getxo. Itsasontziz iritsiko dira Portugaletera. Bizkaia Zubia zeharkatuta helduko dira Getxora, eta hango Muxikebarri aretoan egingo dute, 13:00etatik aurrera, amaiera ekitaldia.