Lezotik Pasaia aldera egin zuten atzo (uztailak 24) jzioquitarrek, eta Albaola Itsas Faktorian hartu zituzten bisita gidatu baterako. Horren ostean, Ulia mendiko talaia bidea segituz, Donostiarantz zuzendu zituzten pausoak, eta bazkalordurako ailegatu ziren hiriburura. Zurriola hondartzan freskatu ondoren, San Telmo Museoan izan zuten hitzordua. Belarri Bero webseriearen kapitulu bat proiektatu zuten eurentzat, eta Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartua egileekin solasteko aukera ere izan zuten.

 

Uztailak 25: harrera Donostiako udaletxean

EuskarAbentura 2022 espedizioa osatzen duten gazteek eta lantaldeko kideek Donostiako Zuhaizti ikastetxean hartu zuten aterpe bart. Gaur goizean, 7:30ak aldera abiatu dira handik hiriko udaletxerantz, harrera ofizialerako eta gosari mundiala egiteko hitzordua baitzuten 8:00tan.

Eneko Goia Donostiako alkatea eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria arduratu dira gazteei ongietorria emateaz.

Goiak “poztasuna” adierazi du hiru urteren ondoren EuskarAbentura bidera itzuli delako, “aurreko bi urteak oso zailak izan dira eta”. Eta gehitu du: “Espero dut hilabeteko talde-esperientzia honek balio izatea gure herria ezagutzeko, zuen arteko bizikidetza indartzeko, eta betiko iraungo duten adiskidetasun harremanak sortzeko”.

Mendizabalek, bestalde, azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundia eta EuskarAbenturaren antolatzailak “aspaldiko lagunak” direla, urteak daramatzatelako euskararen berreskurapenerako elkarrekin lanean. Eta gazteei zuzenduriko mezu batekin amaitu du: “Zuek izango zarete euskararen etorkizuneko eragileak, beraz, eskerrik asko eta ondo pasa!”

Talde-argazki ofiziala egin ostean, bideari berrekin diote espediziokideek. Gaur Zarautz dute lehenengo geltokia. Igeldo mendian barrena iritsiko dira bertara, Oriotik pasatu ostean, eta gero Zestoara mugituko dira autobusez. Izan ere, Ekainberri bisitatzeko hitzordua dute etzi, uztailak 25. Hurrengo egunean ere Urola Kostan ibiliko dira, besteak beste, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko. Bizkaiara, aldiz, hilaren 27an sartuko dira, espedizioa amaitzeko azken lau etapak osatzeko.