Gipuzkoan barrena, bigarren aldiz
EuskarAbentura 2022 espedizioa Gipuzkoan barrena dabil, bigarren aldiz. Hiru egunez Lapurdi kostaldean mendebalderantz egin ostean, uztailaren 23an zeharkatu zuen bi lurraldeen arteko muga. Gazteek Urruñan hasi zuten etapa goizean eta, Hendaiako hondartzan bainua hartu ondoren, Txingudi badia inguratu zuten Hondarribira arte. Bertan, arratsaldez, Urtantak kontzertuaz gozatu zuten; besteak beste, Xabi Solano, Miren Narbaiza eta Pettiren parte-hartzearekin. Iluntzean Lezora mugitu ziren autobusez.
Lezotik Pasaia aldera egin zuten atzo (uztailak 24) jzioquitarrek, eta Albaola Itsas Faktorian hartu zituzten bisita gidatu baterako. Horren ostean, Ulia mendiko talaia bidea segituz, Donostiarantz zuzendu zituzten pausoak, eta bazkalordurako ailegatu ziren hiriburura. Zurriola hondartzan freskatu ondoren, San Telmo Museoan izan zuten hitzordua. Belarri Bero webseriearen kapitulu bat proiektatu zuten eurentzat, eta Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartua egileekin solasteko aukera ere izan zuten.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu