Uztailaren 21ekoa izan zen EuskarAbentura 2022 espedizioak Lapurdin egin duen aurreneko etapa eta, era berean, Kantauri itsasoa ikusi zuten lehenengoz abentura hasi zenetik. Jzioquitarrek autobusa hartu zuten Baionan, Miarritzeraino, eta bertatik abiatu ziren kostaldeko bidean aurrera.

Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune eta Ziburutik igaro ziren Zokoara iritsi aurretik. Egun eguzkitsua izan zen atzokoa, hondartzak nahiz inguruko jantoki eta terrazak jendez lepo zeuden, eta espediziokideak harro pasatu ziren guztien begiradapean. Zokoan bazkaldu zuten gazteek, eta handik berrekin zioten bideari, beste ordubetez oinez Urruñara ailegatu arte.

Uztailaren 22ko eguna ere Urruñan pasatu dute, atsedena hartuz, ez baitute oinezko etaparik egin. Hala ere, ekintzaz beterik joan da eguna: Goizean Euroeskualdeko ordezkariak hurbildu dira pilotalekura jzioquitarrekin ordu pare bat pasatzera. Jolas-ginkana bat egin dute eta Marie Heguy-Urain misio kargoduna pozik agertu da espediziokide gazteak “oso motibatuta” ikusi dituelako. “Kuraia on!”, esan die, eta azken txanpan “indartsu” segitzera animatu ditu.

Meme-tailerra ere egin dute taldeka antolaturik. Iametza-k garatu duen Memeka.eus webgunea baliatu dute horretarako. Eta, arratsaldean, Euskal Irratiak sareak martxan duen ‘Ongi Etorri Lagun’ txapelketa radiofonikoan hartu dute parte. Antxeta Irratiaren estudio ibiltaria hurbildu dute Urruñako frontoira, eta bertatik aritu dira norgehiagokan.

Argazkiak: Andrea Martinez