Uztailaren 20an goizeko 4tan jo du iratzargailuak Amaiurko frontoian. Bezperatik trasteak ongi jasota zituzten gazteek, soilik lozakua eta estera biltzeke. Hala, kopetako argiak piztuta, motxilak bizkar gainean hartu eta 4:20ak inguruan abiatu dira. Kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu dute Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga eta, nolabait, euren azalean sentitu dute gauez, zama gainean hartuta, mendian gora eta behera ibiltzea zer den.
Zeharkaldiak Amaiurtik Bidarraira eraman ditu, Iparla mendia begibistatik galdu gabe. Bidarrain bazkaldu dute, eta bertan egin dute, baita ere, hitano tailerra Ritxi Lizartza zinema ekoizle eta euskaltzalearen eskutik. Hitanoa, hika, noka, toka… gauza bera al dira? Ez? Nola eta noiz erabili? Adibide batzuk entzun dituzte euskal kantetan… eta ‘Osthika’ eguna egiteko proposamena ere ekarri du: biharamunean elkarri hika aritzeko gonbitea luzatu die Lizartzak gazteei, nahiz eta hanka sartu edo hitanoari ostikoak eman; lotsa galdu eta lehen hurbilpen bat egiteko eguna.
Arratsaldearen amaiera aldera, espedizioak trena hartu du Baionara, eta beraz, taldeak Lapurdi zapaldu du lehenengo aldiz! Gaua hiriburuan igaro dute.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu