Zeraindik Tolosa aldera egin dute jzioquitarrek, eta atseden eguna hartuko dute bertan
Zerainen egun oso bat ere ez du egin EuskarAbenturak. Izan ere, arratsaldez heldu eta biharamunean goizean goiz berrekin dio bideari espediziokideek. 18 kilometro oinez egin dituzte Beasaineraino, eta han trena hartu dute Tolosara.
Laskorain ikastolako instalazioetan hartu dute aterpe, eta hain justu ikastetxe horretako areto nagusian jaso dute Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren bisita. Bidelagun leiala da Amonarriz, EuskarAbentura espedizioaren lehen-lehen edizioaz (2018) geroztik ez baitio hutsik egin Tolosako hitzordu horri.
Gaztetxoa zelarik euskal udalekuetan egon zenetik gaur egunera arte Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoak nola eraldatu diren kontatu die Amonarrizek gazteei. Eta azaldu die euskara bidegurutzean dagoela une honetan: ezagutza asko hazi dela, ez ordea erabilera; eta hain justu EuskarAbenturan parte hartzen ari diren gazteen belaunaldiak baldintzatuko duela gure hizkuntzaren etorkizuna. Zentzu horretan, aurreko jzioquitar labekadei helarazitako mezu berbera transmititu die aurtengo parte-hartzaileei ere: “Bizi ezazue euskara abentura bat bezala, eta luza ezazue EuskarAbentura hilabete honetatik harago”. Eta gazte bereziak direla ohartarazi die: “Hemen (EuskarAbenturan) bazaudete, ilusioa eta gogoa duzuelako da, eta hori ez dauka mundu guztiak. Seguru nago hemendik 15 urtera liderrak izango zaretela, nor bere alorrean; ziurrenik euskalgintzan ere bai”. Eta gehitu du: “Euskara da azken urteotan biziberritzea lortu duen hizkuntza gutxitu bakarretako bat, eta erantzukizun handia dugu, egoera bertsuan dauden beste herri askok kopiatzen baitituzte guk hemen martxan jartzen ditugun ekimenak”.
Uztailaren 16a ere Tolosan pasatuko dute espediziokideek, abenturaren erdia baino gehiago osatuta, atseden-eguna hartuko dute. Gurasoen bisita jasotzeko aukera izango dute, eta gorputza ongi luzatzeko yoga tailerra egingo dute arratsaldean.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu