EuskarAbentura 2022 espedizioaren bigarren eguna eta aurreneko oinezko etapa izan da gaurkoa. Goizeko 7:00tan jo du iratzargailuak Mauleko JaiAlai-n. Musika doinuz jaso dute espediziokideek nork bere lozakua, estera eta gainerako trasteak, baita egunerako motxila txikia atondu ere. Garbiketa-taldea arduratu da komunak eta gainerako instalazioak txukun-txukun uzteaz. Motxila handiak furgonetan sartu dituzte jarraian eta, gosari indartsua eginda, 8:00tan abiatu da lehenengo taldea (trikuak), 15 minutura bigarrena (katagorriak), eta beste 15 minutura azken taldea (erbiak).
Aurreneko etapa hau oso-osorik Zuberoan pasatu da. Hiriburutik abiatu eta 14 kilometroren buruan heldu dira Pagolara. Tartean, pare bat malda gogorri egin diote aurre, eta Sangregorio baselizatik ere pasatu dira.
Larre berdeak eta zeru urdina izan dituzte gaur jzioquitarrek; eguraldi sargoria. Gorputzak eta gogoak bidera egokitzeko etapa izan da gaurkoa; lehenengo babak agertu dira, eta bihar, agian, agujetak.
Herri txiki-txikia eta oso lasaia da Pagola, baina jzioquitarrek astindu dute. Bazkalostean frontoian ibili dira luzaketak egiten, ur-jolasekin freskatzen, dantzan eta kantatzen.
Bihar jada Behe Nafarroan sartuko da espedizioa, eta Duzunaritzen hartuko du aterpe. Malda apalagoko baina distantzia handiagoko etapa dute begiaurrean.
Argazkiak: Andrea Martinez