Hasi da EuskarAbentura 2022 espedizioa!
Hasi da! EuskarAbentura 2022 espedizioa martxan da! Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 125 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duen familia urdina (xerpa edo begiraleak eta osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 32 kideak) Maulen elkartu dira eguerdian. Harrera labur baten ostean, espedizioak iraun bitarte soinean eramango dituzten elastikoak banatu dituzte. Jzioquitarrek elastiko laranjak eramango dituzte (bakoitzak lau izango ditu, eta espediziokideen ardura izango da horiek aldiro-aldiro garbitu eta lehortzea). Xerpek eta gainontzeko partaideek, aldiz, elastiko urdinak izango dituzte.
Segidan, jzioquitarrak taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango duten xerparekin batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute. Bazkalostean espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute eta Maule bisitatzeko tartea ere izan dute. Gaua JaiAlai-n pasako dute eta bihar, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez.
“Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bat” bizitzera doazela ohartarazi diete EuskarAbentura elkarteko kideek aurtengo jzioquitarrei: “Gozatu une bakoitza intentsitatez; oso zorionekoak zarete hemen egoteko beka lortu duzuelako, probestu!”
Datozen egunetako aurreneko etapak (uztailak 2: Maule–Pagola; uztailak 3: Pagola–Duzunaritze; uztailak 4: Duzunaritze–Donibane Garazi) 11, 20 eta 20 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak suertatzea, hain justu, lehenengoak direlako. Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere.
EuskarAbentura 2022 espedizioaren ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten du aurrera: bide frantsesa Mauletik Lizarrarantz, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruñeraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino.
Argazkiak: Andrea Martinez
Facebooken partekatu Twitterren partekatu