EuskarAbentura 2019: Markina-Xemein –> Gernika-Lumo
Lea-Artibaitik Busturialdera egin du gaur EuskarAbentura espedizioak. Bizkaia barnealdeko bi eskualdeok lotzeko jzioquitarrek egindako bidea orain arteko etaparik luzeena izan da: 28km orotara. Ohi baino goizago jaiki dira jzioquitarrak (6:30), trasteak batu, euritakoak jantzi eta Markina-Xemeingo Udaletxeko Plazako iturrian kantinplorak beteta, oinez hasi dira berriz ere. Fresko zegoen goiza, baina hala ere gogotik izerditu dute aurreneko maldan eta berehala hasi dira arropak gainetik kentzen. Bazter heze eta berde-berdeak, iratzeak, pinudiak, mendetako historia gordetzen duten baserri ikusgarriak eta lokatza izan dituzte uztailaren 27ko honetan bidelagun. Aulestiko plazako arkupetan geldialdia egin dute hamaiketakorako, baina gehiegi luzatu gabe segitu dute. Omako basoa eta Santimamiñe albo batera utzita, Kortezubira arte egin dute. 16:30ak pasatxo ziren bertara iritsi eta bazkaria egiteko gelditzeko aukera izan duten arte. Gero, beste 4km, eta Gernikan!!!
Allende Salazar eskola izan dute gaur estalpe eta, hain justu, bertan zituzten zain Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguez soziolinguistak. Gernikako herrian zehar euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruko galdeketa egiteko proposatu diete gazteei, eta ondoren denen artean kontrastatu dituzte jasotako erantzunak.
Argazkiak: Mirian Alonso